Martxoak 8aren harira, Lasarte-Oriako irakurri instituzionala leitu dute Udaleko Estitxu Alkorta eta Nuria Fernández ordezkariek gaur eguerdian, Okendo Plazan. Beijingo Adierazpena eta Ekintza Plataforma adopzioaren 30. urteurreneko ospakizunarekin bat eginda, azken hiru hamarkadetan aurrerapasoak eman direla aitortu dute, nahiz eta oraindik desberdintasunak ere, izan, badaudela adierazi.
Hori dela-eta, tokiko eremutik, arlo kritiko globaletan aurrera egiten laguntzeko prest agertu da Udala. Horretarako, Lasarte-Oriako Udalak konpromiso batzuk hartuko dituela jakinarazi du, eta honako hauek dira:
- Sustapen-egiturak baliabide eta langile nahikoz hornitzea, berdintasunerako eta indarkeria matxistaren aurkako borrokari buruzko politikak garatzeko, Berdintasunerako Politika Publikoen Kalitate-Estandarren arabera.
- Emakumeen elkartegintza eta elkarte feministak sustatzea, horien bidez, berdintasun politika publikoetan, emakumeak solaskideak izan daitezen eta eragin dezaten.
- Tokiko gobernuetan emakumeek eta gizonek berdintasunez parte hartzeko eta eragiteko errazten dituzten baldintzak sortzeko akordioak hartzea.
- Tokiko arreta- eta koordinazio-protokoloak eguneratzea, emakumeen aurkako indarkeria matxistaren biktimak eta bizirauleak onbideratzeko.
- Herritarren artean, indarkeria matxistari aurre egiteko programak garatzea, gizonak eta mutikoak bereziki mugiaraziz.
- Zainketen ekonomia eraldatzeko tokiko prozesuak abian jartzea, ikuspegi feministatik.
-
Berdintasunaren eta indarkeria matxistaren aurkako borrokari buruzko tokiko ekintza-planetan jasotako agenda feministen gaineko kontuak ematea, aldian-aldian.
Aldarrikatzeko beste zenbait modu
Martxoak 8aren aldarria lau haizetara zabaltzeko, udalak beste zenbait ekitaldi antolatu ditu. Hasteko, ostiral arratsaldean, helduei zuzendutako La maja y la mona (o viceversa) humoreko antzezlana eskaini zuten Aroa Arrozpe eta Susana Boleto aktoreek. Obrak bi emakumezko ditu protagonista: Mona (Lisa) eta Maja (Jantzia). Argi ez dutelarik nork gorpuzten duen zein, bien arteko tirabira sortzen da "majena" eta "monena" izatearren. Hori ez ezik, larunbat arratsaldean, honakoan umeei zuzenduta, amonen garrantziari buruzko Amama antzezlana eman da Eidabe Teatroa konpainiaren eskutik.
Bestalde, Zunba maratoia jazo da larunbat goizean, Okendo Plazan. Bertan, orotariko pertsonek dantzatu dute; oholtzan ala enparantzan. Musikaren doinuek kitzikatuta, giroa ederra izan da.