2024ko Euskal kros Ligako garaile 23 urtez azpikoan. Parte hartutako proba gehienetan podiumeko gorenera igo zinen, buruan zenuen garaipena?
Nire helburua, berez, ez zen podiumean egotea. Pixkanaka sortu zen egoera izan zen. Helburu nagusia udatik itzuli eta forma hartzea zen. Astez aste nire hobekuntza nolakoa zen ikusi nahi genuen. Ez nuen espero podiumean egotea; emaitzak bakarrik etorri ziren.
Azken probatan, eskura zenuenean, presioa sentitu zenuen?
Lasai egon naiz, nire helburua udaberrirako forma hartzea zelako. Asteak joan ahala lortu nahi genuen egoerara iritsi naiz eta horregatik, ez diot emaitzengatik presiorik jarri neure buruari.
Aurtengo liga hasi berri da eta podiumean egon zinen urtarrilean Ordizian.
Bai, Ordiziako proba ongi joan zen. Elgoibar eta aste bete geroago izan zen eta nekatuta egongo nintzela uste nuen; Elgoibarkoa gogorra delako. Ez nuen parte hartzeko asmorik, baina Espainiako txapelketarako sailkatzeko aukera nuela ikusi eta aste batetik bestera erabaki genuen.
Atzetik aurrerako lasterketa izan zen. Lehen itzulian asko kosta zitzaidan lokatz pila zegoen eta ez nintzen egokitzen. Baina pixkanaka lasterketan sartzen nindoala ikusi nuen eta postuak aurreratzea lortu nuen.
Eta Euskadiko selekzioarekin Espainiako kros txapelketan parte hartu zenuen. Zer moduzko esperientzia izan zen?
Esperientzia polita izan zen. Zure zaletasun bera duten pertsonak ezagutzea eta batzea polita da.
Baina emaitza ez zen espero genuena izan. Prestakuntza aldetik guztia ongi joan zen, baina egunean ez zen espero bezala joan. Akatsetatik ikasteko gaude eta aurrerago berriro aukera izango banu horrelako txapelketara joateko, saiatuko nintzateke emaitza hobetzen.
Krosean gauza asko dago zuen jarduna eragin dezakeena: ibilbidea, euria, lokatza, izotza...
Bai, horrela da. Kasu horretan, zirkuitua gogorra zen. Aldapa asko zituen. Eta proba horren prestakuntza horretara bideratu genuen, espresuki Leitzaranen aldapak entrenatzen egon ginen.
Gainera, azken astean ez nintzen entrenamendu saioetan ongi ibili. Normalean baino gehiago kostatzen zitzaidala nabari nuen. Itxaropena duzu atseden hartu eta egunean gauzak ongi joango direla, baina ez zen horrela izan.
Elgoibargo Nazioarteko Juan Muguerza proba aipatu duzu. Urtean zehar bi probatan (Elgoibar eta Hipodromoko krosa) aukera duzu nazioarteko kirolariekin lehiatzeko. Zer sentitu horien artean lasterka egitean?
Lasterketa gutxi daude gu bezalako afizionatu kirolariei profesionalekin parte hartzeko aukera eskaintzen dutenak eta horietako bi etxetik gertu ditugu.
Alde batera begiratzea eta Olinpiar Jokoetan finalista izandako kirolaria bat izatea edo munduko txapelketan podiumean egondako ikustea polita da eta zaletua bazara esperientzia ikaragarria da. Gero emaitzak kontuan hartuta, beste kontu bat da. Haiek beste maila batean daude eta zu zure lasterketa egitera zentratu behar zara.
"Urtea bitan banatzen dut. Neguan krosa eta uda partean triatloia egiten dut"
Kros Ligak urtarrilean bi proba ditu eta gero etena du udazkenera arte. Horrek arazorik suposatzen al dizu?
Nik berez triatloia egiten dut. Beraz urtea bitan banatzen dut neguan krosei eskaintzen diet eta udaberri-uda partean triatloia egiten dut. Uztailan bi edo hiru asteko atsedena egiten dut. Eta gero berriro krosa. Urtero berdin egiten dut.
Orain, beraz, asmoa triatloiak prestatzea da. Normalean urtero estruktura bera jarraitzen dut eta ongi moldatzen naiz. Denbora aldetik ez nabil soberan eta gero ez dut gustuko lasterketa gehiegi egitea ere. Gorputzari atseden ematea garrantzitsua da.
Iaz esprint modalitateko Gipuzkoako txapelketan bi dominak jantzi zenituen (absolutu mailako brontzea eta 23 urtez azpiko zilarra) eta hainbat probatan zure mailako podiumera igo zinen. Aurtengo helburua zein izango litzateke?
Helburu nagusia Euskadiko Triatloi txapelketa da. Lekeition (Bizkaia) izango da ekainaren 21ean. Atletismoko probaren bat ere egingo dut agian. Ea markaren bat ontzen dudan edo prestakuntza modura. Baina esan bezala Euskadiko txapelketara begira nago lanean.
Triatloian hiru kirol uztartzen dituzue: korrika, bizikleta eta igeriketa. Nola moldatzen zara entrenamendu saioak egiteko?
Guztia uztartzearena ez da erraza izaten. Hiru diziplina dira. Normalean egunean bitan entrenatzen saiatzen naiz eta unibertsitateko klaseen arabera moldatzen naiz. Eta azterketak edo lan entregen arabera ere moldatzen noa. Asteburuetan ere sartzen ditut nahiko ordu, gero astean zehar sartu ahal ezin ditudanak. Praktiketan ere egon nintzen ikasturte hasieran eta 6:45ean esnatu, entrenamendu saioa egin, praktikak egin eta amaitzean beste entrenamendu saioa egiten nuen.
Helburu nagusia ikasketak ateratzea da eta kirola denbora pasa bat da, nahiz eta horri ahalegin asko eskaini. Beti argi izan dut hori. Kirol egitea asko gustatzen zaidan gauza da, baina ikasketak aurretik doaz.
"Kirola denbora pasa bat da niretzat, nahiz eta horri ahalegin asko eskaini"
Zenbat ordu eskaintzen dizkiozu kirolari?
Ez ditut entrenamendu orduak kontatzen. Ez naiz oso zorrotza horrekin. Aitarekin adosten ditut saioak eta egiten ditut, baina ez nago zenbat ordu egiten ditudan kontrolatzen; ez naiz obsesionatzen.
Esprint deritzon modalitatean (750 m igerian, bizikletan 20 km. eta 5 km. korrika) parte hartzen duzu. Zergatik aukeratu duzu modalitate hori?
Esaten dutenez, gaztetan duzu abiadura gehien. Gainera, nik ez dut hainbesteko fondo edo entrenamendu egiteko tarterik. Triatloian distantzia motzena esprinta da eta momentuz hobekien moldatzen zaidana hori da.
Luzeagorik ez dut probatu eta egia esan errespetua diet distantzia luzeagoko triatloiei. Entrenamendu eta denbora gehiago eskaini behar zaio eta momentuz,esprintarekin nahiko lan badaukat. Etorkizunean..., ez dakit.
Itsas zeharkaldietan ere lehiatzen zara udan, triatloiko entrenamendu gisa egiten duzu? Bai, entrenamenduak dira. Triatloiak normalean itsasoan direnez, zeharkaldi horiekin igeriketako zati hori hobetzen saiatzen naiz. Hiru kiroletatik gehien kostatzen zaidan diziplina dela esango nuke eta saiatzen naiz beti udan, eguraldi ona egiten duela eta entrenamenduetarako denbora gehiago dudala itsasoan hobetzen. Entretenigarria da lehiatzen eta gainera, nire anaiak ere itsas zeharkaldiak egiten ditu eta beti dugu bien artean lehia sano hori. Hamaika proba lehiatzen dituzu urtean zehar, baina bai krosean baita triatloian ere ba al da gustuko duzun lehiarik? Krosari dagokionez, Lasarteko Hipodromoko krosa. Nahiz eta Elgoibarrekoa ere oso ezaguna den eta asko gustatzen zaidan. Baina kuttunena Hipodromokoa da. Txikitatik joan naiz ikustera eta kariño berezia diot. |
|
Triatloian, gustuko proba asko daudela esango nuke, baina gehiena eta ezagunenetarikoa Zarauzko Triatloia da. Horretara ere txikitatik joan naiz guraso, aitona-amonekin eta gainera horren bidez, nik uste dut Euskadik baduela erakusleiho ederra hemen ere triatloi politak eta maila onekoak egiten direla erakusteko. |
Nondik datorkizu kros eta triatloarekiko zaletasuna?
Aitarengandik dator krosarekiko nire zaletasuna. Gogoan dut, txikitatik aitak parte hartzen zuelako nazioarteko krosak ikustera joan izana. Atapuerca (Burgos), Italica (Sevilla) edo atzerrira ere noizbait joan izan gara, hala nola, Italiako Cinque Mulini. Beraz, txikitatik datorren zaletasuna da eta asko gustuko dugu.
Horrez gain, nire gurasoen lagun batzuk Marokoko kirolariak dira, bi anaia dira eta bata New Yorkeko Maratoiko podiumera igotakoa eta Londreseko Maratoia irabazitakoa da eta bestea Munduko txapelketetan parte hartutakoa. Eta horiek ere jarraitzen ditugu txikitatik, beraz, zaletasun handia dugu.
Eta triatloiarena ere aitarengandik dator. Aitak gaztetan arrauna egiten zuen eta gero triatloiak egiten hasi zen. Zaletasun hori izan du eta nik bere bidea jarraitu dut.
Eta alde horretatik badut babes hori, aitak eta amak nire egoera ulertzen dute. Eta nire zaletasuna ere elkarbanatzen dute, beraz, errazago da. Eta horrek ere asko laguntzen du aurrera jarraitzen.