"Bere intimitatean arakatu eta hori ere erakutsi nahi  izan dugu"

Maddi Zaldua 2025ko mar. 7a, 09:47

GOTZON HUEGUN, HAIZEA HUEGUN eta GORKA IPIÑAZAR 'SINKRONIA' DOKUMENTALAREN EGILEAK ETA PROTAGONISTA

'Sinkronia' izeneko dokumentalaren egileak dira Haizea Huegun eta Gorka Ipiñazar. Gotzon Huegun eskulturagilearen izen bereko azken proiektua hartu dute oinarri ikus-entzunezkoa ontzeko; lanak lan, pozik agertu dira lortu duten azken emaitzarekin

Ia urtebeteko lanaren ostean, urtarril amaieran erakutsi zuten, estreinakoz, Haizea Huegunek eta Gorka Ipiñazarrek elkarrekin ondu duten ikus-entzunezkoa: Sinkronia. Haizearen aita Gotzon Huegunen azken proiektua (eta izen berekoa) ardatz hartuta, hori nola osatu eta landu duen bildu dute, hasieratik bukaerara. Ez hori soilik, ordea, aipatu artistaren bizitza intimoagoan ere arakatu baitute. Egindako lan berri eman diote TXINTXARRI aldizkariari bi egileek, eta baita protagonista nagusiak ere. 

Nolatan sortu zen dokumentala egiteko ideia eta aukera?

Haizea Huegun: Dokumentala egiteko ideia aspalditik genuen, baina, Sinkronia erakusketa planteatu zenean, hasi ginen ideia horri forma ematen. Aitak obra berriak prestatu behar zituen erakusketarako, eta hor erabaki genuen horiek lantzearen prozesua grabatzea. Prestatzera gindoazen dokumental hori erakusketan erakutsi nahi genuela ere argi genuen, jendeak askotan lanaren zati hori galdu egiten duelako, eta hain zuzen ere ikus-entzunezko lanak hori erakutsiko zuelako. 

Gorka Ipiñazar: Ikusi nuenean Gotzonen lan prozesuak zenbat alderdi eta zati dituen, izugarrizko gogoa sentitu nuen hori guztia dokumentatzeko. Cristina Enea Fundazioaren aldetik ere horretarako aukera izan genuen eta horrela ekin genion lan honi. 

Nolako prozesua izan da? Zenbat denborakoa?

Gotzon Huegun: Ia urtebeteko bidea izan da, hamar bat hilabetekoa gutxi gorabehera. Hasierako ideia handitzen joan dela esatea ere interesgarria da. Bi obren jarraipena egiteko asmoa zuten Haizeak eta Gorkak, baina prozesu horretan gauza gehiago ikusten zihoazen heinean, horiek ere lanean txertatzea erabaki zuten. Nire eguneroko bizitza nolakoa den, naturarekin zein harreman dudan… hori guztia islatzeko lana egin dute. 

H.H.: Lan oso-osoa guk egin dugu, hasi eta buka. Gorka arlo horretako profesionala da, Kipi Kreate izeneko ekoiztetxe bat du.

Gaztea nintzela askotan grabatzen nuen aita lanean ari zenean, eta bideo horiek topatu eta artxiboko material horretatik ere egin dut aukeraketa bat sortu dugun dokumentalean sartzeko. Hori erakustea ere nahi genuen, ikusleek ikus dezaten betidanik izan dela hau gure bizitzaren parte. Erakusketa aitzakiatzat hartuta, biografia moduko lan bat ondu dugu. 

G.I.: Martxoan hasi ginen grabatzen. Inaugurazio egunera arte grabatu genuen, eta, ostean, dena muntatu dugu. Pentsa, guztira 42 ordu nituen grabatuta: elkarrizketak, basoko irudiak, muralak lantzen, muntaiak, eta abar. Lanketarekin hasi ginenean, fundazioari [Cristina Enea] aipatu genion 12 minutuko pieza bat sortuko genuela, eta azkenean, ordu erdiko dokumentala osatu dugu.

Dronearekin irudi mordoa grabatu ditugu; basoa eta horren ingurukoak, Aralarko Malloak ere. Ideia zen horrekin jolastea, izan ere, Gotzonek erretratatzen dituen patroiak naturan eskala ezberdinetan baitaude. Adibidez, dronearekin basoa goitik behera grabatzen badugu, liken baten itxura har dezake, eta zuhaitzek eta horien adarrek neuronen konexioa irudika dezakete. Ikusleari transmititu nahi izan diogu berak hori guztia nola ikusten duen; begirada hori irudietara ekarri nahi izan dugu. 

G.H.: Irudi horiek ikusgarriak dira, eta uste dut horiek ere jendea harraparazi dutela.

Dokumentalean entzun daitekeen musika proiektu horretarako zuk sortua izan da, Haizea. 

Bai. Musikagilea naiz, eta lan honetarako musika sortu eta erakustea ere polita iruditu zitzaigun. Ikus-entzunezkoan natura oso presente dago, horregatik asko entzuten dira, adibidez, haizea, edota txoriak eta musika dago hori guztia akonpainatzen; Sound design-a egin dugu.

 

"Ia urtebeteko bidea izan da. lan oso-osoa guk egin dugu, hasi eta buka"

 

Pentsatzen dut zuretzat ere berezia izango zela artxiboko material horren guztiaren bilketa lan hori egitea, ezta?

H.H.: Bai, kuriosoa izan da, bai. Gogoan dut bideo kamera oparitu zidatela, eta behin eta berriz pentsatzen nuela etorkizun batean grabatutako guztiarekin zerbait egingo nuela. Polita izan da orduko nahi hura, Gorkaren laguntzarekin, egia bilakatu dela ikustea. 

Zer erakutsi nahi izan duzue?

H.H.: Guretzat garrantzitsua zen istorio bat kontatzea, izan ere, bestela, publizitate spot baten tankera har baitezake lanak. Guk hortik urrundu nahi izan dugu, eta beste ikuspegi batetik kontatu. Horregatik sartu ditugu nire gaztetako bizipenak, edo aita grabatzen nueneko uneak, adibidez. Gertutasuna ere ematen du horrek; intimitate horretan arakatu eta hori erakusteko ahalegina egin nahi izan dugu. Artistak egiten duenaren berri eman dugu, baina erakutsi dugu ere, besteak beste, hor ere familia bat dagoela. Egurra lantzeko eskolak nola ematen dituen ere dokumentatu dugu. 

G.H.: Nire bikotekidearen eta Haizearen amaren zein Haizearen off ahotsak ere agertzen dira lanean [bikotekidearenak gaztelaniaz dira, baina euskarazko azpitituluak ditu]. Horrek guztiak erakusten du familia bat dagoela honen guztiaren atzean. Nire inguruan daudela, elkarrekin garela, eta eurak garrantzizko egitura bat direla honetan guztian. 

G.I.: Artistek ofizioa dutela erakustea ere garrantzitsua zen niretzat. Hainbeste ordu eta hainbeste lan azken emaitzan ikus dezake jendeak, eta adieraz dezake gustuko duen hori edo ez, baina hori lortzera iristeko egin duen bideari eta hor dagoen jakituria horri guztiari ere egin nahi izan diogu azpimarra. 

Hori diozula, iruditzen zaizue artisten lana oraindik orain ez dela lan edo ofizio gisa ikusten? Gutxietsi egiten dela zentzu horretan?

H.H.: Bai. Oraindik ere talentu gisa hartzen dute askok; musikan ere gauza bera gertatzen da. Eta bai, artistek talentua izan dezake, baina lan handia egiten dutela erakutsi nahi izan dugu. Lanbidea dela erakusteak ere garrantzia izan du guretzat. Aita eskultorea da, beste edozein lanbide bezala. Gero, agian, bere lan horretan artista izango da, baina egiten duena da bere lana, beste edonor bezala.

 

Erakusketaren izen bera eman diozue dokumentalari: 'Sinkronia'. 

G.H.: Sinkronia da bi elementuen arteko elkartzea. Orduan, erakusketa honetan gauza asko elkartzen zirelako erabaki nuen izen hori ematea. Alde batetik artea eta natura. Beste sinkronia bat ere eman da lan honetan, zientziaren eta artearen artekoa hain zuzen. Gizakiarekin ere bai. 

Izenburu hori baliatuta, galdetu nahi nizueke nolakoa izan den zuon bion arteko sinkronia lana osatzerako orduan, aita-alaba artekoa. 

G.H.: Haizeak esaten zidan guztia egin dut nik; menpekotasun bat egon da, ez da sinkroniarik egon [barre egin dute aita-alabak, elkarri txantxa eginez]. Aholku asko eman dizkit, bada, zein arropa jantz nezakeen aholkatu dit, hau edo beste hura… Ez, txantxak alde batera utzita, [Haizeak] hau guztia txikitatik bizi izan duenez, erabat naturala izan da elkarlana. Noski, beste adin batekin harrapatu du bera lan honek, baina beti egiten ikusi izan nauena egiten ikusi nau oraingoan ere. Nolabait esatearren, nire ekipokoa da. Egun berak kudeatzen dizkit sare sozialak, esaterako. Ohituta gaude elkarrekin aritzera. Beste profesionaltasun batekin egin dugu lan hau, baina ez da ezer berria izan. 

H.H.: Dokumentaleko nire off ahotsak erakusten du ni txikitatik ohituta nagoela aita laguntzera, edo proiektuak aurkeztera zein eskulturak kokatzera, eta abar. Hori bai, niretzat, alaba naizena aldetik, historia honi distantziatik begiratzea zaila izan da. Pentsa, zenbaitetan gurasoekin elkartzen nintzenean iruditzen zitzaidan dokumentalaren barruan nengoela. Aita eta biok nahiko antzetakoak gara, eta Gorkak ere hor izan du bere lana. 

Azken emaitzarekin gustura zaudete?

G.H.: Bai, oso. Balioan jarri nahi dut egin duten lana. Kanpotik ikusita, hainbeste ordutako grabaketak eskuartean izanda, gero, hainbeste mugatzea, sekulako lana da. Transmititu nahi izan dutena transmititu dutela ikustea ere ondo egindako lanaren emaitza da. Aurrekontua mugatua zen, eta eskuartean izan dituzten baliabideekin, izugarrizko lana egin dute. Horrelako prozesuetan, beste aurrekontu handiagoak badituzu, jarraipena ere handiagoa egin dakioke. Ez dituzte baldintza onenak izan, eta hala eta guztiz ere, izugarrizko lana egin dute. 

Dokumentala laburra egin zaiela esan digunik ere bada.  

G.I.: Bai. Nire aldetik esan, nahi izan dudan guztia egin dudala; esfortzu handia egin nahi nuen lan honetan, eta hala egin dut. Uste dut hirurok gustura sentiaraziko gintuen lan bat osatzeko, eta hori lortzeko ahalegin guztia egin dugula, kontuan izan gabe baliabideena, adibidez. Gehiago lortu izan bagenitu bikain, baina eskuartean izan dugunarekin ordu gehiago sartzea edo gutxiago ez da arazo izan. 

H.H.: Pase bat egin genuen dokumentala erakusteko, eta bertan jasotako iritziek berretsi dute egin nahi genuena egitea lortu dugula. Ikus-entzuleak hunkitu ziren, eta, hori, adibidez, ez nuen espero. Ni historia honen parte naizenez, kontatzen dena ulertzen dut, baina, ziur egon nahi nuen ikusleek ere ulertuko zutela, eta jaso dugunagatik hala izan da. Aita eta alaba arteko istorio horren gertutasunarekin jendea identifikatzen da. 

Iazko Mendifilm jaialdian epaimahaikide gisa aritu nintzen. Lau egunetan hainbat eta hainbat dokumental ikusi nituen, eta bertan jaso nuen inspirazio puntu bat, hor ikusi ahal izan bainuen zerk funtzionatzen zuen, zerk ez, zein egitura ziren egokiak, eta abar. Horrek guztiak balio izan dit gero gure lana garatzeko eta argiago izateko zer bai eta zer ez. Adibide bat jartzearren, egin genezakeen erakusketa egunera arteko atzera kontaketa baten egiturarekin, adibidez, baina ez dugu bide horretatik jo, beste zerbait egin dugu. 

 

"Lan honen bidez artistek ofizioa dutela erakustea ere garrantzitsua izan da niretzat"

 

Cristina Eneako erakusketa aretoa natura parke batean kokatutako dago. Leku aproposa zurea bezalako erakusketa bat jartzeko.

G.H.: Lekua oso atsegina da. Eraikinera iritsi arteko bidea ere ederra da; Cristina Eneako parkeko baso txikia zeharkatu behar da. Erakusketa hiru aretotan banatuta dago, eta horietako bakoitzak gai baten gaineko lanak erakusten ditu. Zientzia eta natura; gizakia eta natura eta transformakuntza. Amatasunaren gaineko eskultura batzuk ere jarri ditut ikusgai. Horiekin erakutsi nahi izan dut amatasunak gizaki amoretsu bat sortzeko, baita naturarekiko, munduarekiko eta bestearekiko errespetua izango duen. Hor ere beste sinkronia bat ematen da. Oso kontent nago; oso sentsazio onak dauzkat.

H.H.: Bertan antolatzen dituzten erakusketak naturarekin zerikusia dutenak izaten dira, eta horregatik eskaini zioten aitari berea egiteko aukera.

Eta egindako lan horrek zein bide egingo du aurrerantzean? Baduzue inon erakusteko intentziorik? 

H.H.: Orain jaialdietan-eta erakusten saiatuko gara. Hori dela-eta, Cristina Enean egitea aurreikusi genuen bigarren emanaldia bertan behera utzi behar izan dugu, hain zuzen ere, jaialdietan aurkezteko baldintzetako bat delako aurretik ez proiektatzea. 

G.H.: Herrian pasa den hilabetean aurrera eraman duten Euskal Dokumentalen Zikloan erakusteko proposamena ere egin ziguten, baina arrazoi berberagatik oraingoan ezezkoa eman behar izan dugu. Hori bai, orain ez, baina aurrerago Lasarte-Orian proiektatu ahal izatea espero dugu