Andoain, Astigarraga, Hernani, Lasarte-Oria, Urnieta eta Usurbilek errealitate linguistiko desberdinak dituzte baina antzeko egitasmoak martxan ditu hainbat arlotan, nork bere bitartekoak erabiliz prestatuak. Ekimen horiek eskualdera zabalduta "aberatsagoak eta sendoagoak" izango direla sinetsita daude: "Giza baliabideak eta baliabide ekonomikoak hobeto erabiltzearen poderioz landuagoak izango direlako eta, ondorioz, baita eraginkorragoak eta errentagarriagoak ere".
Egindakoa eta egiteke dagoena
Hernaniko eta Lasarte-Oriako Euskara zinegotziek, Axier Mingok eta Estitxu Alkortak hartu dute hitza ondoren, elkarlan hitzarmenaren gakoak azaltzeko. "Merkataritza edota autoeskolen eremua euskalduntzen aritu gara eta familia transmisioari ere heldu diogu, esparru hori oso garrantzitsua delako euskara ama hizkuntza gisa transmititzen jarraitzeko. Nire iritzi apalean, oso-oso lan txukuna egin dugu orain arte", azpimarratu du Mingok. Dagoeneko ondu eta zabalduak izan diren egitasmoen artean, Buruntzaldeko kultura agendarena nabarmendu du: "Ikustaldi ugari jasotzen ditu, herritar askok begiratzen dute eta euskaraz kontsumitzeko oso atari interesgarria da". Alkortari hitza eman aurretik, nabarmendu du etorkizuneko lan ildoak Eusko Jaurlaritzak aurkeztu berri duen AROA Euskara indarberritzeko eta euskaldunok ahalduntzeko marko estrategikoak zehazten dituen zazpi ardatzen gainean aurrera eramango dituztela.
Alkortak berak eman ditu etorkizuneko erronkei buruzko zertzelada batzuk. Azpimarratu du, adibidez, lan mundua: "Gure gazteek euskaraz egiten dituzte ikasketak, eta, logikoki, esparru horretara egingo duten jauziak ere hizkuntza horretan izan behar du". Eskualdeko udalek hartu dute konpromisoa beste esparru batzuetan ere eragiteko, hala nola adin tarte horretakoen ahozko erabileran: "Pisu guztia beraiengan jartzen dugu eta ez da justua, baina euskara-eskola binomioa hautsi eta gustuko dituzten aisialdi egitasmoetan ere eragin behar dugu, aukera gehiago eman eta euskararekiko lotura positibo horiek sendotzeko". Horiez gain, etorri berriak direnen harrera eta Lanbide Heziketa aipatu ditu zinegotziak.
Bestalde, Buruntzaldean abian jarri duten lankidetza goraipatu du: "Euskararen sustapenean eragiteko aukera ematen digu".
Soziolinguistikoki anitza den eskualdeko herriak, elkarrekin eragiten
Ezaugarri desberdinetako sei udalerrik osatzen dute gure eskualdea: Andoain, Astigarraga, Hernani, Lasarte-Oria, Urnieta eta Usurbil. Bakoitzak bere berezitasunak ditu eta anitzak dira, besteak beste, soziolinguistikoki, baina herri horiek guztiak badituzte gauzak komunean eta horiek bateratzen ditu Buruntzaldea Euskaraz atari digital berrituak, 2002an hasitako lankidetza egitasmoaren fruitu mamitsu eta ikusgarrienetako batek. Webgune horretan arakatzen dutenek aukera izango dute jakiteko zer antolatu duten udalerri horietako bakoitzean, non izango den, zer ordutan hasiko den eta nork aurrera eramango duen. Izan ere, sei herriak desberdinak izanagatik, bertan bizi garenok joera dugu ingurukoetara joan eta bertako euskara eskaintza aberatsaz gozatzeko.
Dagoeneko egindakoa ahaztu gabe, aurrera begira jarri dira sei udalerri horiek eta lau urterako izango den lankidetza hitzarmena berritu dute. Hemen dituzue akordioaren gakoetako batzuk:

