Antzerkiaren Nazioarteko Eguneko ospakizuna eta film asko, hilabete honetako agendan

Txintxarri Aldizkaria 2025ko mar. 6a, 12:35

Martxorako antolatu dituen kultura egitasmoen berri eman du Lasarte-Oriako Udalak. Horietako zenbait Martxoaren 8ko egitarauaren barrukoak dira. Gainerako hitzorduetatik ia guztiak filmak izango dira, opera emanaldi digital bat tarteko. Azkenik, Kukuka eskolako lagunek Antzerkiaren Nazioarteko Eguna ospatuko dute hilaren 27an, Okendo plazan.

Azerik eta Erbik basoa salbatzen dute eta Itoiz, udako sesioak filmen emanaldiek ireki zuten hilabete honetako programazioa joan den igandean. Beste zenbait proiektatuko dituzte kultur etxeko auditorioan, apirila iritsi aurretik. Haurrentzat, hauek: Polican, Flow, un mundo que salvar eta Mary Superchef eta Paddington en la selva. Helduentzat, berriz, hauek: Maria Callas, Querer, Nosotros, La luz que imaginamos, Aún estoy aquí eta La última reina. Txikientzako saioak igandeetan izango dira, 17:00etan, eta koskortuagoentzakoak, 19:30ean, Okendok antolatu dituen bi zineforumak izan ezik (Querer eta Aún estoy aquí); bi horiek hilaren 14an eta 28an izango dira, ostiralez, 20:00etan. Haurrentzako diren pelikulak ikusteko sarrerek 4 euro balio dute, eta, helduentzakoek, 6 euro.

Auditorioko pantaila handian emango dute baita ere Otello opera ikuskizuna, digitalki, Austriako Opera Viena aretotik. Hilaren 12an izango dute herritarrek emanaldi horretaz gozatzeko aukera, 19:30etik aurrera. Sarrerek 7,5 euro (aurrez erosiz gero) edo 9 euro (emanaldiaren egunean eskuratuz gero, kultur etxeko leihatilan) balio dute. 

Antzerkiaren Nazioarteko Eguna

Martxoa hilabete kuttuna da antzerkiaren munduan aritzen direnentzat, arte diziplina horren mundu mailako eguna hilaren 27an ospatzen dutelako. Urteak daramatzate Kukuka eskolako kideek mugarri horren bueltan ospakizuna antolatu eta antzerkia herriari erakusten, eta aurten ere gauza bera egingo dute. Egun horretan bertan, 18:00etan, esketx ugari plazaratuko dituzte Okendon.

Hilabete honetako agendan nolabait ohore egingo diote modalitate horri, antzezlan ugari programatu baitituzte hilabetea amaitu bitartean. Aurrenekoa bihar izango da, 19:00etan, kultur etxean: Ttipia Teatroa konpainiak La maja y la mona lana ekarriko du. Hurrengo egunean, Eidabe Teatroak Amama! erakutsiko du (17:00etan) eta datorren asteko ostegunean Antonio Mercero aretora etorriko dira Kikilisaltsa taldeko aktoreak, Eta horrela jarraitzen degu antzeztera 19:30etik aurrera. Ondoren, solasaldi bat egingo dute bertaratzen direnekin. Aipatu hiru jarduera horiek Martxoaren 8ko egitarauaren barrukoak dira.

Emakumearen Nazioarteko Egunaren bueltan antolatutako saioez aparte gehiago izango dituzte aukeran herritarrek, nola ez, kultur etxean: Ene Kantak taldeak Bisonte-mastodontearen bila antzezlanaren emanaldia egingo du hilaren 15ean, 17:00etan; zazpi egun geroago, Kamikaz Kolektiboak Renata oholtzaratuko du, 20:00etan; Teatro Estudio konpainiak La Cantante Calva taularatuko du, 19:00etan; eta Txalo Produkzioak-ek, azkenik, Amak ekarriko du herrira, 20:00etan. 

Musikak ere izango du tarterik urteko hirugarren hilabetean. Martxoaren 8aren bueltan, kontzertu berezi bat prestatu du Zero Sette Akordeoi Orkestrak igande honetarako. Antonio Mercero aretoan, 12:30etik aurrera, historian zehar konposatzaile izan diren zenbait emakumeren piezak interpretatuko dituzte.