Ostadar Boleiboleko Euskal Ligako taldea, II. mailako txapelaren bila

Txintxarri Aldizkaria 2025ko mar. 7a, 09:00

Ostadar Boleibola eta Getxoko Aixerrota taldeen arteko norgehiagoka.

Astebeteko atsedenaren ostean, Ostadar Boleibola ataleko Euskal Ligako II. mailako taldeak neurketa garrantzitsua jokatuko du bihar, 17:30ean, Maialen Chourraut kiroldegian

I. mailarako igoera lortuta, ligako txapeldun izateko borrokatuko da talde urdin beltza.

Ligan garaitu duen aurkari bakarra izango du aurrez aurre finalean, D'Elhuyar Logroño.

Euren jokoa erakutsi eta etxekoen berotasunaz ligako arantza kendu eta txapela Lasarte-Orian geratzeko borrokatuko da Asier Acuriolaren taldea. Ez du lan erraza izango, ordea; D'Elhuyar aurreko denboraldian lehen mailan izan zen lehian eta partida berdindua izatea espero dute urdin-beltzek.

Saileko gainerako ordezkariek ere atseden izan zuten Inauterietako asteburuan, kadeteek izan ezik. A taldeak Zarautzen Lizardi Biren aurka 3-0 (25-12, 25-7 eta 25-10) galdu zuen; B taldeak, aldiz, Usurbilen jokatu eta 0-3 (11-25, 18-25 eta 11-25) irabazi zuen.