Intzako pilotariek fase aldaketa dute lehia ezberdinetan

Txintxarri Aldizkaria 2025ko mar. 5a, 13:00

Intzako errendimendu mailak gaztetxoen neurketa bat.

Udaberri zein Binakako Errendimendu txapelketek fase aldaketa izango dute. Intza kirol elkarteko pilotarien jarduna ederra izan arren, batzuk ezingo dute lehian aurrera egin. Trinketean ere azken fasera iritsi da talde kide Aritz Solano

Solanok lehen fasean neurketa guztiak garaitu ostean, hilaren 2, banakako Nagusien II. mailako txapelketako final erdikoari aurre egin zion. EPLEko Sorondoren aurka neurtu zituen indarrak. Lasarteoriatarra ezin izan zen finalerako sailkatu, Sorondok 26-40 garaitu zuen. 

Gomazko palan, zain

Udaberri txapelketan Nagusien I. mailako Jon Pello Artetxe-Peru Urdanpilleta bikoak ezin izan du azken faserako sailkapena eskuratu. 

Gomazko pala modalitatean, euren multzoko bigarren postuan dira Iker Artetxe eta Jagoba Mendizabal Zarautzen 17-25 irabazi ostean. Lehiaren azken jardunaldian, ordea, eurek atseden izango dute eta lehiakideek egiten dutenaren menpe geratuko dira hurrengo fasea jokatuko duten jakiteko.

Harrobia ere fin

Errendimendu mailari dagokionez, infantil I. mailako Jauregi eta Maizek euren multzoko lehen amaitu dute fasea eta Ekialde txapelketako kanporaketak jokatuko dituzte finalerako bidean.

Kategoria bereko II. mailako Lasa eta Lopezek ere aurrera egingo dute Ekialde txapelketan. Otsailaren 28an, Añorga 2 nagusitasunez (3-18) garaitu eta kanporaketei multzoko buru bezala egingo diete aurre.

Alebin I. mailako bikoaren kasuan, bi jardunaldi falta dira fase aldaketarako. Oraingoz euren taldeko bigarren postuan daude eta lehen bi postuetan mantenduz gero, Gipuzkoako txapelketako azken lehiarako sailkapena eskuratuko lukete. 

II. mailako alebinek, ordea, ezingo dute azken fase hori jokatu. Otsailaren 28an, bigaren faseko azken jardunaldian Izurun 3ren aurka ederki borrokatu eta 14-16 irabazi zuten Ibarzabal eta Olazabalek. Nahiz eta multzoko lehen eta bigarren sailkatuekin puntutan berdinduta egon, tanteoaren arabera hirugarren da bikotea eta lehiatik kanpo geratzen da Intzako bikotea.