Aurtengo jaiak iragarriko dituen afixa aurkezteko epea, irekitzear

Txintxarri Aldizkaria 2025ko mar. 6a, 10:31

Hilaren 7a izango da lanak aurkezteko lehen eguna, eta apirilaren 5a, azkena. Aurtengo saridunak 600 euro poltsikoratuko dituela jakinarazi dute antolatzaileek 

Agustin Valdivia alkateak eta Jaiak eta Gazteria saileko zinegotzi Txus Alonsok jakinarazi dute aurtengo sanpedroak iragarriko dituen kartelak aurkezteko epea irekitzear dela. Nabarmendu dute urtero interesa pizten duen ekimena dela, eta horren helburua dela herritarrei jaietako irudiaren parte aktibo izateko aukera ematea. 

Lehiaketa parte hartu nahi duen orori irekia dela azaldu, adin mugarik eta bizileku baldintzarik gabe. Hala, partaide bakoitzak nahi adina proposamen aurkez ditzake, betiere originalak badira eta beste lehiaketetan sarituak izan ez badira. 

Aurkeztuko dituzten lan guztiek izango dituzte bete beharreko zenbait baldintza. Guztiek San Pedro Jaiak Lasarte-Oria 2025 leloa erakutsi beharko dute (modu ikusgarrian), eta "genero berdintasuna" errespetatu beharko dute. "Gure jaietako irudiak aniztasuna eta berdintasuna islatu behar ditu, estereotipoak saihestu eta emakumeen eta gizonen ordezkaritza orekatu bat bermatu behar ditu”, adierazi du Alonsok. 

Afixak formatu digitalean edo fisikoan aurkez daitezkeela ere ohartarazi dute udal ordezkariek. Gauzak horrela, formatu digitalean aurkeztea erabakitzen dutenek, JPG formatuan bidali beharko dituzte lanak, 50x70 zentimetroko neurriarekin eta 300 pixeleko bereizmenarekin. Posta elektronikoz bidali beharko dira helbide honetara: sanpedrojaiak@lasarteoriasarean.eu, eta egilearen datu pertsonalak eta harremanetarako informazioa jasotzen duen testu dokumentua erantsi beharko diete.

Lanak fisikoki aurkeztuko dituztenek, aldiz, kontuan izan behar dute kartelek neurri bera izan behar dutela (50x70 zentimetro).Gazte Informazio Bulegoan entregatu beharko dituzte, honako egun eta ordutegian: asteartetik larunbatera, 12:00etatik 21:00etara. Afixaren izenburua atzealdean jarri beharko dute, eta egilearen datu pertsonalak jasotzen dituen gutun azal itxi bat erantsi beharko dute. 

Lanak aurkezteko epea

Bihar, hilak 7, hasi eta apirilaren 5era arteko (00:00ak arte) epea izango dute interesdunek lehiaketara lana bidaltzeko aukera. 

Behin epealdi hori igarota, aurreko aldietan bezala, aurkeztutako lan guztiak udalaren web atarian jarriko dituzte ikusgai herritarrek horien artean euren gustukoena aukera dezaten. Horren gainean honako adierazpenok egin ditu alkateak: "Garrantzitsua iruditzen zaigu herritarrek kartelaren aukeraketan parte hartzea. Gure herria ordezkatuko duen irudia guztion gustukoa izatea nahi dugu". 

Hala ere, herritarrek euren iritziak emango dituzten arren, azken erabakia udaleko Jaiak eta Gazteria sailak izendatutako epaimahaiaren esku egongo dela ohartarazi dute, eta jakinarazi, sormenaren, kalitatearen, eta jai gaiari egokitzapena hartuko dituztela kontuak garailea erabakitzeko. Irabazleak 600 euro jasoko ditu sari gisa. 

Udal ordezkariek sortzaileak lehiaketan parte hartzera gonbidatu dituzte: "Urtero harritzen gaitu gure herrian eta inguruan dagoen talentuak. Diseinuaren profesionalak zein zaleak animatu nahi ditugu proposamenak aurkeztera".