Texas Lasartearrako infantilek garaipena erdietsi zuten Oriokoren aurka

Txintxarri Aldizkaria 2025ko mar. 5a, 09:15

Futbol denboraldia aurrea doa eta maila ezberdinetako taldeak txapelketa ezberdinetan daude murgilduta. Texas Lasartearra CFko infantilak, esate baterako, Txapeldun fasea jokatzen ari dira eta Orioko garaitu zuten azken jardunaldian

Hilaren 1ean, lehiaketa horretako bigarren itzuliko jardunaldia jokatu zuen taldea Michelin kirol gunean. Orioko FT izan zuen aurrez aurre eta etxekoek berdinketa eta porroten bolada hautsi zuten; 3-0 nagusi izan ziren.

Lasarte-Oriako taldeak lehen zatiko azken hamabost minutuetan erabaki zuen neurketa. Lehenik Helder Ferreirak egin zuen gola, hiru minutuetara bigarrena egin zuen Telmo Aranzadik eta atsedenaldira joateko zirela, Liher Alonsok hirugarrena sartu zuen.

Zorterik ez

Texas Lasartearrako gainerako ordezkariek, ordea, ez zuten garaipenik eskuratzerik izan euren hitzorduetan.

Erregional I. mailako taldeak 4-1 galdu zuen Vasconiaren aurka.

Jubenil mailan ere ez zuten zorte hobeagorik izan herriko futbol taldeko bi ordezkariek. Igoera kategorian, Zarautzek Texaseko B taldea 6-2 garaitu zuen eta kopan, Astigarragako Mundarro 1-2 gailendu zitzaion talde zuri-urdinari.

Kadeteek eta futbol eskolako kirolariek ez zuten jardunaldirik izan.