Dominak eta markak, 16 urtez azpiko Gipuzkoako txapelketan

Txintxarri Aldizkaria 2025ko mar. 4a, 11:00

Redondo (ezkerrean) eta Murgiondo, podiumeko maila gorenean. Arg.: G. Redondo /J. Murgiondo

Gipuzkoako 16 urtez azpiko kirolarik hilaren 1ean batu ziren Donostiako Antonio Elorza belodromoan lurraldeko txapelketa lehiatzeko. Ostadar SKTko ordezkariek eta Atletico San Sebastian taldeko Hodei Murgiondo herritarrak euren onena eman zuten eta bost domina ekarri zituzten herrira

Lasarte-Oriako lau atletek lortu zuten podiumera igotzea:

  • Eider Redondo
    • Luzera jauzia - 1º
    • 60 m. hesi lasterketa - 1º
  • Hodei Murgiondo (Atl. San Sebastian)
    • Pertika - 1º
  • Irati Gallego
    • 600 m. lasterketa - 3º
  • Iraia Etxegia
    • Pisua - 3º

Baina garaikurrez gain, markak ere ondu zituzten gaztetxoek. Murgiondok pertika proban 3,40 metrora egin zuen hegan. Ostadarreko ordezkariei dagokionez, Iraia Etxegia eta Olaia Muñizek pisuan euren marka pertsonala berritu zuten (7,15 m.), baita Leire Maték (8,67) ere 60 m. lasterketan.

Espainiako txapelketa

Murgiondok, gainera, lortutako markarekin Galiziara egingo du bidaia hilaren 15ean; 16 urtez azpiko pistako Espainiako txapelketa lehiatuko da Ourensen (Galizia). Ez da herriko ordezkari bakarra izango; Ostadar SKTko Redondo ere izango baita bertan.

Redondok proba horretarako bost gutxieneko eskuratu ditu denboraldian zehar –60 m. eta 60 m. hesi lasterketak, luzera jauzia, jauzi hirukoitza eta proba konbinatuak–, baina adin horretan bi proba bakarrik jokatu ditzakete lehiakideek eta Redondok proba konbinatuak lehiatzea aukeratu ditu.

2024 urtean ere luzera jauziko lehian izan zen Redondo, Valentzian eta finalerako sailkatu zen. Aurten ere lehen postuetan egoteko lehiatuko da.