Ohorezko ardoarekin topa eginda ekin diote Andaluzia eguna ospatzeari

Txintxarri Aldizkaria 2025ko mar. 3a, 16:24

Semblante Andaluz elkarteko kideek euren probintziaren egun handia ospatu zuten joan den ostiralean, otsailaren 28an. Ohitura bilakatu denez, bazkideak eta udal ordezkariak Atsobakarreko egoitzan elkartu ziren eta mokadutxo bat jan zuten, ardoarekin edalontziak bete eta topa egin ondoren. Horren aurretik, Mikel Laboaren 'Txoria txori' eta Andaluziako ereserkia kantatu zituzten. Bestalde, azken urtean elkarteko lehendakari izan den Jose Mari Melladok lekukoa eta egoitzako giltzak eman dizkio ardura hori hartu duen Fernando Cruzi.

Ospakizun egun nagusia igandea izango da. Honako egitaraua antolatu dute Semblantekoek:

  • 12:30ean, Arantzazuko Ama parrokian, meza rozieroa.
  • 14:30ean, Semblante Andaluz elkartearen egoitzan, bazkaria.
  • 17:00etan, Semblante Andaluz elkartearen egoitzan, Jose de la Bahia eta Dani Ayala musikarien flamenko emanaldia.