Duela hilabete batzuk Udalhitz hitzarmena berritzeko asmoa agertu zuen EUDELek eta gerotik, zuzendaritza osatzen duten alderdi politikoekin hainbat bilera egin dituzte sindikatuek. ELAk bere eskaerak eraman ditu mahai ganera eta horiek kaleratzeko elkarretaratzeak egin ditu hainbat udalerrietan. Lasarte-Oriako udaletxe aurrean izan da Oria-Goierri eskualdeko bilkura.
Hamar minutuz udal langilen lan baldintzak duintzeko eta zerbitzu publikoak indartzeko aldarria egin dute mobilizazioan bildu diren pertsonek eta amaieran euren eskaeren berri eman dute.
Agerraldian azaldu modura, ELAren ustez, "zerbitzu publikoak indartu beharrean hauen kalitatea okertzen ari da" eta horrek lotura zuzena du langile publikoen lan baldintzen gainbeherarekin. Beherakada hori etengabea dela nabarmendu dute ELAko kideek eta horren ondorioz langileek pairatzen dituzten hainbat egoera azaldu dituzte: eros ahalmenaren galera, lan kargak handitzea, langile publikoaren lan osasuna arriskuan egotea, euskaraz lan egiteko eskubidea ez bermatzea edo behin behinekotasun handia egotea. Eta egoera horrek emakumeengan eragin handiagoa duela ere azpimarratu dute.
Hori dela eta, ELAk Udalhitz hitzarmena berritzerakoan lau eskaera nagusi egiten dizkio EUDELi. Batetik, marko estatalaren gainetik, "herri honetako errealitatea kontuan hartuz" udal langileen lan baldintzen marko bat egitea. Bestetik, negoziaketarako oinarria 2008-2010 urteetarako Udalhitz izatea eskatzen du sindikatu abertzaleak. EUDELek negoziaketan erabakitako akordioa udal guztien gutxieneko bezala aplikatzeko konpromisoa har dezan ere nahi du ELAk: "beti ere, udal desberdinetan dauden negoziaketa eta akordio prozesuak errespetatuz eta inolaz zapuztuz, baldintza hobeak dauden udaletan horiek errespetatuz". Eta, azkenik, akordioa etorkizunean betetzeko eta defendatzekoa konpromezua erakutsi eta gehiengoen joku demokratikoa onar dezan ere galdegiten dio EAEko Udaletxeen elkarteari.