Mendebaldeko Sahararen aldeko elkarretaratzea egin dute

Txintxarri Aldizkaria 2025ko ots. 28a, 11:23

Sahararekin Elkartasuna Lasarte-Oria taldeak deituta, elkarretaratzea egin dute herritarrek Okendo plazan

Saharar Errepublika Arabiar Demokratikoa aldarrikatu zutenetik 49 urte bete direla aitzakia hartuta, elkarretaratzea egin dute herritarrek Okendo plazan. Maroko Saharatik at! Independentzia! lelopean, dozenaka herritarrek bat egin dute deialdiarekin. 20 bat minutuko elkarretaratzea egin dute lehenik, eta horren ostean, arestian aipatu taldeko bi kidek hartu dute hitza. 

Lehenak gogorarazi du Saharan gatazka armatua dagoela, eta hori hedabideetan agertzen ez dela salatu du: "Komunikabideetan ez da entzuten, beraz, ez da existitzen". Gaineratu du horri irtenbidea emango diona "erabaki politikoa" izango dela. 

Azpimarratu du baita ere kanpamentuetan dauden sahararren egoera geroz eta okerragoa dela: "Tenperatura jasanezinak sufritu behar ditzute, elikadura geroz eta gutxiago dute". 

Oporrak Bakean

Bigarrenak, aldiz, Oporrak Bakean egitasmoari egin dio erreferentzia. Azaldu du hilabete igaro dela aurtengo egitasmoa, herrian, aurkeztu zutenetik, eta horrek izan duen erantzunarekin kezkaturik daudela ohartarazi du: "Gure helburua uda honetan, Lasarte-Oriara, hiru haur saharar ekartzea zen, baina harrera familia bakar batek soilik eman du izena. Egoera honen aurrean, esan nahi dugu haur horientzat beharrezkoa dela kanpamentuetatik atera, osasun azterketa orokorrak egin eta fisikoki errekuperatzeko elikadura osoa izatea. Gauzak horrela, egoera aldatzen ez bada, bi haur horiek basamortuan geratzea beste aukerarik ez dute izango, eta hori gerta ez dadin, herritarrak harrera familia izatera animatu nahi ditugu. Martxoaren 15era arte dago izena emateko aukera".

Elkarretaratzeak iraun artean, bertaratu diren sahararrak dantzan aritu dira, eta izan da askatasun irrintzia egin duenik ere.