Yoga solidarioa egingo dute, Izan Iñurri egitasmoa laguntzeko

Txintxarri Aldizkaria 2025ko ots. 28a, 08:07

Izan Iñurri egitasmoko lagunak omenduak izan ziren Sorgin Jaietan, 2022an.

Ikuspegi feminista eta eraldatzaile batetik minbiziari buruzko dibulgazioa, formazioa eta akonpainamendua eskaintzen duen elkarte bat da Izan Iñurri. Gaixotasunaren ikuspuntu zabalago bat eskaintzen du, gaia sozialki normalizatzeko eta minbiziaren inguruko mito eta tabuak desagerrarazteko. Lan horren guztiaren garrantziaz jakitun eta eragileko kideek egiten dutena aurrera eramaten jarraitu ahal izateko helburuarekin, dirua biltzeko ekimen solidario bat egingo dute martxoaren 8an, larunbatarekin, Antonio Mercero aretoan, 08:30etik 10:30era.

Parte hartu nahi dutenek donazio bat egin beharko dute, gutxienez 20 eurokoa, aipatu elkarte horri laguntzeko. Bertaratu ezin dutenek ere lagundu dezakete; ekarpen ekonomiko hori Izan Iñurriren atari digitalean egin beharko dute. Bi yoga saio egingo dituzte Rafael Beckles eta Udane Arrizabalaga irakasleek, hurrenez hurren. Saio irekiak izango dira edozein mailatako pertsonentzat eta Mathilde Vlieg biolontxelo jotzaileak girotuko ditu. Amaitzean, oroigarri bana (Tavo Designs-ek elaboratutakoa) emango die Koöl Studioko lagunek parte hartzaile bakoitzari. 

Bukatzeko, gosari bat emango diete herriko zenbait ekintzailek: Kairos Lasarte, Ilargi taberna, Ore Ama obradorea eta Berasategi Kafeak-eko jabe Leire Berasategi. Yoga egiteko materiala Xarma Psikoterapiak eramango du eta ekitaldiko argazkiak Idoia Telleria Maritxalar argazkilari profesionalak aterako ditu.

EKITALDIRAKO SARRERAK

20 EUROKO DONAZIOAK