Gotzon Huegun herritarraren 'Sinkronia' erakusketa bisita daiteke Cristina Enea-n

Txintxarri Aldizkaria 2025ko ots. 27a, 14:20

Argazkia: Haizea Huegun

Donostiako Cristina Enea Fundazioan jarri du ikusgai, lasarteoriatarrak, bere azken erakusketa. 'Sinkronia' izenburua eman dio oraingo proiektu horri, hain zuzen ere, hainbat elementuren arteko harremana adierazi nahi izan duelako, hala nola, gizakia eta naturaren artekoa, edota zientzia eta naturarena. Martxoaren 16ra arte izango dute interesdunek hori bisitatzera joateko aukera

Bisitariak gizakiaren eta naturaren arteko loturaren gaineko hausnarketa egitera gonbidatzen ditu Gotzon Huegun eskulturagileak, baita naturak zientziarekin duen loturaz jabetzera ere. Hain zuzen ere, arrazoi horregatik jarri dio Sinkronia izena aipatu proiektu horri. 

Cristina Enea Fundazioan jarri ditu bere lanak ikusgai, hiru aretotan, eta ikusgai jarritako lanen bidez aipatu elementu horien (gizakia, natura eta zientzia) arteko elkarrizketa bat aurkezten du. Horrela, aipatu eraikin horretako aretoak bidaia emozional bat egiteko eszenatoki bilakatu ditu. 

Martxoaren 16ra arte izango dute interesdunek bertaratu eta eskultorearen proiektua ikusteko aukera. Sarrera doakoa da, eta ondorengo egun eta ordutegian bisita daiteke: astelehenetik ostiralera, 09:30etik 18:00etara; larunbatean 10:00etatik 14:00etara eta 15:00etatik 19:00etara; eta igande zein jaiegunetan, berriz, 10:00etatik 14:00etara. 

Izen bereko dokumentala 

Erakusketa aitzakiatzat hartuta, horren izenburu bera duen dokumentala ere ondu du bere alaba HaizeakHuegunek, Kipi Kreate produkzio etxeko Gorka Ipiñazarrekin batera. Gotzonen lan prozesu osoa ezagutarazteaz gain, horren guztiaren atzean dagoen familia sostengua eta senideekin egin duen orain arteko bidea erakutsi dute. 

Horri dagokionez, datorren astean argitaratuko du TXINTXARRI-k proiektuaren gaineko informazio pieza zabalagoa.