Gauza gutxi esan ditzakegu erabateko ziurtasunez, baina baten bat edo beste bai. Hau, adibidez: hil egingo gara. Guzti-guztiok, edozein modutara deklinatuta ere: haiek, hura, zuek, zu, gu, ni... Salbuespenik ez. Hori gauza segurua izanagatik, heriotzaren bueltan ugariak dira galderak, zalantzak, ziurgabetasunak eta beldurrak. Tabu izateraino historikoki iluna izan den gai hori zertxobait argitze aldera, hilabete honetako solasaldia horren bueltan aurrera eraman du Borobilean Elkarteak, aditu bai baina ez aritu (eta luzaroan hala izaten jarrai dezala) diren bi pertsona gonbidatuta: Iñaki Olaizola eta Nere Erkiaga.
Borobileaneko kide diren Pablo Barriok eta Joxe Mari Agirretxek testuinguruan jarri dute jarraian landutakoa: "Mundua mundu denetik izan da heriotza. Horrekiko erantzun eta jarrera desberdinak izan ditugu; azken mendeetan, batez ere, erlijiotik bizi izan dugu baina garaiak aldatzen ari dira eta beste modu batzuk azaleratzen ari dira; Iñaki Olaizolak eta Nere Erkiagak esperientzia dute horretan". Horrekin batera, eskerrak eman dizkiete Oriarte Landaberriko musika gela bete duten dozenaka herritarrei. "Garbi utzi diguzue tabua izan den eta izaten jarraitzen duen gaiak ez zaituztela beldurtu; eskerrik asko aretoa betetzeagatik", esan du Barriok. Gonbidatuetako bat aurkeztu du segidan, Iñaki Olaizola, ogibidez itsas ingeniaria izan baina jubilatu zenean Antropologia ikasi eta doktore bihurtu zena. Ondoren, hitza Agirretxeri pasa eta berak azaldu du Erkiaga zertan dabilen: "Aitortu izan didazu inoiz ikara ematen zizula heriotzak ['terrorea', zuzendu dio aurkeztua izaten ari zenak], eta igaro zara hori sentitzetik gaiari buruzko hitzaldi, tailer eta prozesu parte hartzaileak bideratzera". Aurkezpenen txanda amaituta, adituek hartu dute hitza.
Tradizionaletik, biografikora
Hiltzen ikasi dezakegu? izan da saioan zehar bota duten galderetako bat. "Ikasi, ikasi... ez dakit, hori baieztatzea gehiegitxo da agian, baina horri buruz gogoeta egingo dugu eta eztabaida piztuko dugu, hori ziur", hasi da Olaizola. Heriotzaren bueltan gauza gehiago piztu izan zaizkio donostiarrari, horien artean, gaiarekiko jakin-mina. Itsas ingeniari izatetik erretiroa hartu zuenean Antropologia fakultatean izena eman zuen eta jakintza alor horri buruz ikasten hasi, honako tesi hau ondu eta doktore bilakatu arte: Eraldaketak hiltzeko prozesuan. Eutanasia, euskal gizartean eztabaidagai den gaia. Grekeratik dator eutanasia hitza eta "hiltzeko modu ona edo baketsua" esan nahi du: hiltzera doan pertsonak bere borondatez eskatzen du eta lagundu egiten diote. Horri buruzko Espainiako legea, eta baita zainketa aringarriena ere, "eskasak" iruditzen zaizkio adituari: "Euskal Autonomia Erkidegoan bizi garen mila pertsonatik bakarra baizik ez da joango bide hori erabilita". Are gehiago, iruditzen zaio oso kontuz ibili behar dugula afera horren bueltan eta asmo jakin batzuekin askok erabiltzen duten "lengoaia tranpatiarekin": eutanasia eta suizidioa parekatzea, horren alde egonez gero "zapaltzailea" izatea eta aurka egonez gero "demokraziaren aldekoa" izatea, eta abar.
Eztabaida horrek azaleratzen duen gogoetagai garrantzitsuena, Olaizolaren ustez, hauxe da: norbera dela bere bizitzaren jabe, eta, hortaz, baita hiltzeko modua erabakitzeko arduradun ere; ahal badu, behintzat. Pertzepzio horren erabat aurkakoa da "hiltzeko modu tradizionala", erlijio kristauari oso lotua eta "hegemonikoa" izan dena mende askotan zehar. "Badakit gai korapilatsua dela baina ez dut tranpetan ibili nahi eta pentsatzen dudana esango dizuet. Uste dut oso krudela dela, adibidez, emaztearen amari pasa zitzaiona; ikaratuta utzi zuen mundu hau, infernura joango ote zenaren beldur. Gure bizitzen jabe izan behar dugu eta pentsatzeko modu horrek ez du askatasun hori ahalbidetzen". Horren aurrean, "hiltzeko modu biografikoa" aldarrikatzen du, pertsona bakoitzaren bizitza jarriko duena erdigunean: "Ni naiz noizbait hilko naizena eta hori nik nahi bezala kudeatuko dut, nire erara".
Hiltzeko prozesuan ikertu beharreko hiru faseez aritu da gero: gaixotasuna eta menpekotasun egoerarena, "eragin gehiena duena eta luzeena" (azaldu du 65 urtetik gorakoek, batez beste, 6-7 urtez beharko dutela beste norbaiten laguntza zendu artean bizitzeko); heriotzaren atarikoa eta hiltzea bera; eta ondorengo errituala, hildakoa agurtzeko modua eta prozesua. Lekukoa Erkiagari pasa aurretik, etorkizuna izan du hizpide, bere 8 urteko ilobak gaiari buruz nola hitz egingo duen imajinatuta: "Gutako bakoitzak nola hil nahi dugun hautatzeko aukera askoz gehiago izango ditugula uste dut. 'Nola ba, hil ahal izateko baimena ematen zien dokumentu bat sinatu behar izaten zutela? Bai zera!', esaten irudikatzen dut iloba". Horren harira, uste du laikotasunak "are indar gehiago" hartuko duela heriotzaren alorrean ere.
"Beldur pila bat dago"
"Liburuzaina naiz ni, dokumentalista, eta ez ditut Antropologia edota antzekoak ikasi, ikertu. Zerbaitetan aditua banaiz, hiltzearekiko ikara eta terrorea sentitzean naiz. Horiek gorputzean nabaritzean ez nintzen gai kudeatzeko: adinekoen egoitzetan sartu eta negar batean hasi, heriotzarekin lotzen nuen ospitalera joan eta amatasuneko sailean sartzerakoan mareatu...", azaldu du Erkiagak. Jarraian, beldurren eskema azaldu die parean zituen ikus-entzuleei: aurreneko mota, naturala, "beharrezkoa eta ona" dena, ezezaguna den heriotzaren aurrean bizitzara lotzen gaituelako; traumatikoa, batez ere txikitako gertakariek sor ditzaketen ikara motak biltzen dituena; eta eraikitakoa edo soziala, erlijio kristauak baino Elizak (aurreko mendeetan, ez horrenbeste gaur egun) edota ikus-entzunezkoek (gaur-gaurkoz erabateko pisua dute) eragindakoa.
Heriotzaren gainean mezu positiborik jasotzen ez dugula azpimarratu du Erkiagak. "Hiltzeari buruzko esperientzia onak partekatu dituzte nirekin, asko, baina ez zaizkigu iristen. Orduan, nola heziko gara ba? Nola apurtuko dugu heriotza irudikatzen duen igitaidun pertsonaia horrekin?". Norabide horretan, iruditzen zaio mesedegarria dela gaiari buruz hitz egitea, zenbat eta gehiagotan izan ahotan, orduan eta gehiago deseraikitzen delako eraikitako beldurra. "Ariketa hori gutako bakoitzak egin behar du, noski, baina baita komunitateak ere; pertsonala eta kolektiboa izan behar du". Are gehiago, azpimarratu du komunitateak ez daudela sano gai horri dagokionez, kideek ez dutelako hitz egiten, ez dakitelako zeintzuk diren beraien eskubideak. "Laburbilduz, beldur pila bat dago".
Arestian aipatu bezala, gai horri buruzko saioak aurrera eramaten ditu Erkiagak, baita parte hartze prozesuak ere. Horietako bat, Antzuolan (Gipuzkoa). "Bete-betean asmatu zuten hiruzpalau urteko haurrek: 'Hilerriaren sarreran bihotz handi bat egon dadila', proposatu zuten. Maite ditugun pertsonak oroitzeko tokiak izan behar dute kanposantuek eta gaur egun ez dute funtzio hori betetzen, ez ditugu gure hildakoak han sartu nahi".
Saioak iraun dituen ia bi orduak labur egin zaizkie Oriarte Landaberrin elkartu direnei. Adituen hitzartzeen ostean, ohi bezala, elkarrekin hausnartzeko tartea ireki dute eta ideia interesgarriak partekatu dituzte, heriotzaren gaia bizi-bizi dagoen seinale.