Euskal Ligako kadeteek, ezin Dinteco Arabaren aurka garaipena erdietsi

Txintxarri Aldizkaria 2025ko ots. 27a, 11:15

Ostadar Saskibaloiko Euskal Ligako Kadete taldea maila berrira ohitzen ari da. Urtarrilean Euskadiko mailarako jauzia egin zuen Jonatan Reinok zuzentzen duen taldeak, lau jardunaldi jokatu ditu eta nahiz eta neurketak ederki borrokatu, ez du aldeko emaitzarik izan oraindik

Laugarren jardunaldian, hilaren 22an, Dinteco Araba izan aurrez aurre Maialen Chourraut kiroldegian eta arabarrak 46-67 gailendu ziren. 

Lehen minutuetan aurkaria aurreratu arren, markagailua berdintzea lortu zuten etxekoek. 

Erasoak eta saskiratzeak txandakatzen joan ziren, baina aurkariak bost puntuko aldearekin amaitu zuten zatia. 

Tamalez, tarte txiki hori pixkanaka handitzen joan ziren arabarrak gainerako aldietan. 

Bigarren zatian bi hiruko saskiratzeri esker, 11-18ko partziala egin zuten. 

Hirugarrenean eta laugarren zatian, defentsa gogortu eta pertsonaleko marra izan zen protagonistetako bat. Baina etxeko taldeak ez zituen marratik izandako aukerak ongi baliatu eta 12-17 eta 10-14 partzialekin arabarrek garaipena eskuratu zuten.

Bi garaipen bakarrik

Emaitzen aldetik ez zen asteburu ona izan Ostadar Saskibaloi ataleko gainerako taldeentzat ere. Kadete Errendimendu Zilar eta Infantil Partaidetza Haundiko Ostadar Urdina taldeek bakarrik eskuratu zuten garaipena. Kadeteek 37-46 irabazi zuten Oiarso SKT Errenterian eta txikiak, aldiz, 51-44 gailendu ziren etxean.