Buruntzaldea IKTko infantilek markak ondu dituzte Euskal Herriko txapelketan

Txintxarri Aldizkaria 2025ko ots. 26a, 15:00

Amaiur (ezkerrean) eta Itxaso (eskuinean) Iparragirre lehiatu dira infantil mailako lehian. Arg..: Buruntzaldea IKT.

Infantil mailako Euskal Herriko Neguko txapelketa lehiatu zen hilaren 22an eta 23an, Irunen. Buruntzaldea IKTko bi ordezkari izan ziren uretan lehiaketan: Itxaso Iparragirre eta Amaiur Iparragirre. Bakoitzak 15 urteko mailako bina proba egin zituen eta ederki jardun ziren euren markak onduz

Amaiurrek 100 m. lau estilo (01.19,11) eta 1.500 m. libre (21.05,53) saioak egin zituen eta bietan hobetu zuen bere marka. Lehen proban gainera laugarren sailkatu zen. Bigarren probari dagokionez, "sekulako gogoa eta ausardia erakutsiz; harro egoteko moduko esfortzua egin" zuela nabarmendu dute igeriketa taldeko arduradunek.

400 m. libre eta 200 m. bizkar probei egin zien aurre Itxasok. Lehenean "igeri egiteko eta probari aurre egiteko modu egokia erakutsi" zuen prestatzaileen aburuz eta ondorioz, marka pertsonala egin zuen (05.49,98) ; bigarrenean, aldiz, ezin izan zuen markarik berritu.

Igeriketa taldeko arduradunak pozarren daude kirolari gazteek egindako lanarekin. "Igerilarientzat ikaskuntza polita izan zen eta lan egin ondorengo emaitzak ikusi ziren gainera", adierazi dute.

Lehiaketarik ez

Hurrengo bi asteburuetan, Buruntzaldea IKTko igerilariek ez dute lehiaketarik izango, baina ez dute atsedenik izango. Martxoko hitzorduak prestatzen izango dira guztiak. Neguko ligako azken jardunaldia, alebinen zein benjaminen jardunaldiak eta mimo handiz prestatzen ari diren Gipuzkoako kluben kopari egin beharko diete aurre igerilariek.