Elkar akonpainatu eta saretzea ahalbidetzeko

Txintxarri Aldizkaria 2025ko ots. 26a, 09:39

'Enredate' izeneko ekimenaren bigarren saioa aurrera eraman dute, gaur, Lasarte-Oriako Gurutze Gorriaren egoitzan. Proiektu horren helburua da 65 urtetik gorako pertsonak saretzea, horren bitartez, bakardade sentimendua murriztu eta gizarte isolamendua saihesteko. Saio atsegin bezain dibertigarria izan da 

Enredate egitasmoaren saio bat zuzenean ezagutzeko aukera izan du TXINXTARRI-k. Mihise bana koloreztatzen harrapatu ditu aldizkariko kazetariak ekimenean parte hartzen ari diren erabiltzaileak: Aquilino Garcia, Primitivo Maneiro eta Pello Gallo. Kazetariaren bisitak, ordea, aztoratu egin du apur bat euren jarduna; lan horiek alde batera utzi eta berriketan hasi dira bisitariarekin. Kontatu diote elkar ezagutu eta saretzeko aukera ematen diela aipatu ekimenean parte hartzeak: “Elkarri gure istorioak kontatzen dizkiogu elkarri, baita txisteak ere, tarteka; giro atsegina dugu, eta une alaia igarotzen dugu elkarrekin”. Azpimarratu dute bakardadeari aurre egiteko egitasmo bikaina dela, eta gaineratu, eurekin dauden Gurutze Gorriko boluntarioek (Manuel De Cabo, Ainara Silva eta Ziortza San Millan) egiten duten lana ere balioan jarri behar dela. "Deseatzen" egoten dira asteartea heldu, elkar topatu eta saioa aurrera eramateko.

Esan bezala elkartu bezain laster pintura tailertxoarekin ekiten diote topaketari, eta horri tartetxo bat eskaini ostean, lan horiek bazter utzi eta sukaldaritzan aritu dira. Ez su artean, ordea; airezko bidezko frijigailuan kozinatzeko errezetak egiten ikasten ari dira. Iragan asteko saioan, adibidez, sagar kurruskariak egin  zituzten, ohiko patata frijituei alternatiba emateko. Aste honetakoan, aldiz, hegaluze mokadutxoak prestatzen ikasi dute. Horren aurretik, ordea, jaki plater bat modu egokian nola oreka dezaketen ere ikasi dute.

Iradokizunak, kontuan

Aipatu tailer horiek guztiak erabiltzaileek beraiek proposatuak edo eskatutakoak izan dira;  ekimena martxan den artean, zer landu, ikasi edo egin nahi luketen galdetzen baitiete Gurutze Gorriko boluntarioek.

Horiez gain, irteerak egiteko aukera ere mahaigaineratu dute, eta arduradunek aintzakotzat hartu dute hori ere. Gauzak horrela, martxoan Getariara joango dira, goiz edo arratsalde pasa, adibidez. Hain zuzen ere egunaren zein unetan joan daitezkeen eztabaidatzen ari zirela agurtu ditu TXINTXARRI-ko kazetariak. Tarte oso atsegina igaro arazi diote ere; gogobetegarria izan da.

Herritarrei, gonbita

Tailer horiek astearte goizetan aurrera eramaten dituzte, 11:00etatik 12:30era, eta guztiz doakoak dira. Gaur gaurkoz erabiltzaile gutxi batzuk bildu dituzten arren, Gurutze Gorriak herritar gehiago joan daitezen nahi du. Horregatik, 65 urtetik gorako lasarteoriatarrak animatu nahi dituzte ekimenean parte hartzera. Ohartarazi dute erabiltzaileek ez dutela saio guztietara joateko derrigortasunik.

Hurrengoa martxoaren 11n aurrera eramango dute. Egun horretan, ordea, ez dira, ohi bezala, mihisea margotzen eta kozinatzen arituko. Teknologia berriekin lotutako hitzaldia jasoko dute erabiltzaileek; eurek hala eskatuta antolatu dute arduradunek saio hori. Baliabide teknologikoak erabiltzaile bakoitzaren etxeetan jartzeko ahalegina egiten ari da Gurutze Gorria, besteak beste partaideek euren arteko bideo deiak egiteko aukera izan dezaten, edota, egunero hartu behar dituzten medikamentuak gogorarazten tresna teknologikoak balia ditzaten.