Asier Acuriola Ostadar SKTko prestatzaileak azaldu duenez, sarean irabazi zuen Ostadarrek neurketa: "Getxoko Aixerrota taldeak sake gogorrak egin zituen eta neurketan zehar hainbat izan zuren kontrolatu ezin izan genituen baloiak. Baina horri aurre egin eta sareko erasoetan fin ibili ginen. Nahiz eta Getxok defentsa ongi mantendu puntuak gure aldeko izatea lortu genuen".
Gorabehera horiek tarteko Ostadarrek lehen jokoa 25-18 irabazi zuen eta ostean bizkaitarrek markagailua bana berdintzea lortu zuten, 22-25. Hirugarren eta laugarren seten talde urdin-beltza sendo eraso eta defentsan mantendu zen eta 25-18 eta 25-20 gailendu zen.
Era horretara, 3-1eko garaipena eta denboraldiko helburua lortu du Euskal Ligako taldeak, I. mailarako igoera.
Finala etxean
Orain II. mailako txapelketako finala dute buruan. Hitzordua martxoaren 8an, 17:30ean izango da Maialen Chourraut kiroldegian eta Logroñoko D'Elhuyar izango dute arerio. Lehen fasean neurketa bakarra galdu zuen Ostadarrek eta Errioxako taldearen aurka izan zen. Neurketa zaila izango da Acuriolen hitzetan, "D'Elhuyar taldea indartsua da eta iaz lehen mailan jokatu zuen. Talde orekatua du erasoan eta, batez ere, defentsan bikain dabiltzan jokalariekin. Ligan etxean irabazi genien eta Logroñon galdu egin genuen. Finalean gure jokalariek maila ona erakutsi eta euren indarguneak ahuldu ahal izatea espero dugu".
Nahiz eta txapelketa ez eskuratu, igoera eskuan du Ostadarrek eta hurrengo denboraldian Euskal Ligako I. mailan jokatuko duen talde gipuzkoar bakarra izango da.