Neurketa borrokatuaz gozatu zuten kirol gunea hurbildu ziren zaletuek. Beltzak RTko harrobiko Lander Zabala, Efren Real, Eneko Sanchez eta Joanes Arroyo herritarrak hamabostekoan izan ziren eta garaipena eskuratzeko ederki borrokatu ziren.
Bizkaitarrak entsegu eta gauzatze batekin aurreratu ziren arren, beltzek azkar berdindu zuten markagailua eta erasoan jarraitu zuten aldea irekitzeko asmoz. Lanak fruitua izan zuen eta Eneko Sanchez herritarraren entseguak gauzatze eta zigor kolpe bat izan zituen ondorio. Beltzek ez zuten aukerarik galdu aldea irekitzeko, 17-7. Lau minutu geroago, gainera, markagailua handitu zuten etxekoek Sanchezen bigarren entsegu eta beste gauzatze batekin. Era horretara, 24-7 amaitu zen lehen zatia.
Bigarren zatian, aldiz, apenas izan zen punturik. Bi taldeek defentsa lan handia egin zuten eta metroak lortzea zail izan zitzaien. Hala ere, beltzek beste entsegu eta gauzatzea egin zuten eta aurkariak entsegua.
Partidako azken txistua jotzearekin batera, jokalari, prestatzaile zein senideek ederki ospatu zuten sailkapena.
Apirilean lehia
Gesalaga Okelan Zarautz Beltzak taldeko kideek hitzordu garrantzitsua prestatzeko lanean jarraituko dute.
Espainiako txapelketa apirilean zehar jokatuko da. Lehen asteburuan hilaren 5ean eta 6an, multzoen lehiari egingo diote aurre beltzek. Zehazteke dauden lau egoitza ezberdinetan erkidego ezberdinetako launa talde bilduko dira euren multzoko lehen izan eta finalerdietarako sailkapena eskuratzeko.
Apirilaren 12an eta 13an finalerdiak izango lirateke eta finala hil horretako 26an edo 27an lehiatuko litzateke Valladoliden Torneo Nazionalarekin batera.