Adin guztietako emakumeentzako zein gizonentzako egitaraua prestatu dutela nabarmendu du Gizarte Zerbitzuetako zinegotzi Nuria Fernandezek: "Berdintasuna erdiesteko lana egitea guztion ardura da; bizitzako esparru guztietan landu behar dugu". Gauzak horrela, "hausnartu, kontzientziatu eta ospatzeko ekimenak" aurrera eramango dituzte martxoaren 1etik 18ra, "lortzeko asko dugun arren, orain arte egin ditugun konkistak balioan jarri behar ditugulako". Jarduerak banan-banan azaldu aurretik, Fernandezek berak eta agerraldian alboan izan dituen Agustin Valdivia alkateak eta Sexuen Elkarbizitzarako Emakumearen Zentroko koordinatzaile Maite Iglesiasek zehaztu dute beharrezkoa izango dela aurrez izena ematea, egoitza horretara bertaratuta edo 943-36 39 58 telefono zenbakira deituta.
Herritar guztiak antolatutako ekimenetan parte hartzera animatu ditu alkateak eta berretsi du berdintasunarekiko udalak duen konpromisoa. "Oraindik lan asko egin behar dugu, azkenaldian prentsan-eta ikusi ditugun ikerketek diotelako gero eta gizon gazte gehiago beldurtuta eta erasotuta sentitzen direla feminismoaren aurrean, eta horrek ezin du horrela izan: parekidetasuna da egoera bideragarri bakarra".
Berrikuntza, emakume elkartekideen topaketa
Iglesiasek hartu du hitza Martxoaren 8aren bueltako egitaraua aletzeko. Jakinarazi du berrikuntza nabarmenena izango dela martxoaren 16an egun osoz egingo duten emakume elkartekideen topaketa. "Elkarte gastronomiko eta erregio etxeetako zenbait emakumezko bazkide elkartu eta programa erakargarria osatu dute". Bestalde, Emakumearen Nazioarteko Egunean bertan zunba maratoia (more koloreko botila batzuk banatuko dituzte), elkarretaratzea eta Amama antzezlanaren emanaldia egingo dituzte.
Programa hori Martxoaren 8ko kartel lehiaketako erakusketak eta sari banaketak irekiko dute. Irabazlearen irudia erabiliko dute 2026ko Emakumearen Nazioarteko Eguna iragartzeko.
Egitaraua
Martxoaren 1etik 8ra
- Goiz eta arratsalde, emakumearen zentroan, Emakumearen Nazioarteko Eguneko kartel lehiaketako lanen erakusketa.
Martxoak 6, osteguna
- 18:00etan, emakumearen zentroan, Emakumearen Nazioarteko Eguneko kartel lehiaketako sari banaketa.
Martxoak 7, ostirala
- 19:00etan, kultur etxeko auditorioan, La maja y la mona, menudo cuadro antzezlanaren emanaldia, Aroa Berrozpe eta Susana Soleto aktoreen eskutik. Sarrera, doan.
- 21:30ean, Casa Humada jatetxean, afaria. Menuak 32 euro balio ditu eta bertaratu nahi dutenek bigarren platera aurrez aukeratu beharko dute.
Martxoak 8, larunbata
- 10:00etatik 11:45era, Okendo plazan, zunba maratoia egingo dute. Parte hartzen dutenei ura edateko kantinplora moreak emango dizkie.
- 12:00etan, Okendo plazan, elkarretaratzea.
- 17:00etan, kultur etxeko auditorioan, haurrei zuzendutako Amama antzezlanaren emanaldia. Sarrerek 4 euro balio dute.
Martxoak 9, igandea
- 12:30ean, Antonio Mercero aretoan, Zero Sette Akordeoi Orkestraren kontzertua.
Martxoak 12, asteazkena
- 17:00etan, Biyak Bat egoitzan, zineforuma. "Feminismoa eta transexualitatea bezalako gai garrantzitsuak landuko dituzte", aurreratu du Iglesiasek.
Martxoak 13, osteguna
- 19:00etan, Antonio Mercero aretoan, Y así seguimos antzezlanaren emanaldia, eta ondoren, solasaldia. Elebitan egingo dute.
Martxoak 14, ostirala
- 20:00etan, kultur etxeko auditorioan, zine emanaldia, Okendo Zinema Taldearekin elkarlanean. Sarrerek 6 euro balio dute.
Martxoak 15, larunbata
- 11:00etatik 14:00etara, emakumearen zentroan, nerabeentzako autodefentsa feminista tailerra, euskaraz.
Martxoak 16, igandea
Egun osoan zehar aurrera eramango dute emakume elkartekideen topaketa, nagusiki, Extremadura Etxean:
- 11:00etan, txupinazoa eta agurra.
- 11:15ean, kalejira eta pintxo-potea herrian barrena, Oaintxe in deu! txarangarekin batera.
- 13:30ean, bakarrizketa, Bea Egizabalen eskutik.
- 14:15ean, bazkaria.
- 17:00etan, karaokea.
Martxoak 18, asteartea
- 18:30ean, Antonio Mercero aretoan, Animalia domestikoak liburuaren gaineko solasaldia egingo dute, Irakurle Txokoarekin elkarlanean. Esti Martinez Diaz de Cerio idazlea bertaratuko da.