Alfonso Morcillo omendu dute bere jaioterrian

Txintxarri Aldizkaria 2025ko ots. 25a, 09:06

Agustin Valdivia alkatea (eskuinetik hasita lehena), Morcilloren alargun eta beste ordezkari politiko batzuekin batera, ekitaldian. Argazkia: Lasarte-Oriako Udala.

Donostiako Udaltzaingoko sarjentu izan eta ETAk erail zuen Alfonso Morcillo gogoratu dute bere jaioterri Medellinen (Bajadoz, Extremadura); haren omenezko monolito eta plaka bana ezarri dituzte. Ekitaldi horretan parte hartu du, besteak beste, Lasarte-Oriako alkate Agustin Valdiviak: "Gizon on bat hil zuten eta historiatik ezabatu nahi izan zuten, baina ez zuten lortu. Betebehar etikoa dugu Alfonsoren oroimena bizirik mantentzeko".

1994ko abenduaren 15ean akabatu zuten Morcillo, Lasarte-Orian zuen etxetik atera eta lanera zihoanean. "ETAko terrorista batek bizkarretik tiro egin zion eta bertan hil zen", gogoratu dute bera aintzatesteko ekitaldian, bere alargun Katy Romero eta beste hainbat senide nahiz ordezkari politiko bertan zirela. Bere memoriaren eta terrorismoaren biktima guztien omenez, Morcilloren izen-abizenak dituen kaleko plaka bat eta monolito bat jarri dituzte Medellin herrian; hangoa zen Udaltzaingoko sarjentu lanak Donostian egiten zituen herritarra.

Ekitaldi horretan parte hartu zutenen artean izan zen Agustin Valdivia alkatea eta nabarmendu zuen "dolua eta tristura sakona" eragin zituela Morcilloren hilketak euskal gizartean eta Lasarte-Orian bertan. Horrekin batera, Morcilloren irudia gogoratu zuen eta "terrorismoaren biktima guztien memoria" aldarrikatu zuen. Halaber, gogoan izan zuen udalak 2011n argitaratutako Ausencias liburua, zeinetan jaso zituzten ETAk erail eta udalerriarekin lotura izan zuten zortzi pertsonaren biografiak. "Hilketa gertatu zenetik 30 urte igaro ondoren, berriz elkartu gara Alfonsoren memoria aldarrikatzeko. Berari zor diogu, Katyri eta bere familia osoari. Ekitaldi honek Medellín eta bere herritarrak ohoratzen ditu, ez bait dute Alfonso ahaztu. Gizon on bat hil zuten, historiatik ezabatu nahi izan zuten, baina ez zuten lortu. Betebehar etikoa dugu Alfonso Morcilloren oroimena bizirik mantentzeko".

"Terrorismoaren mehatxuaren eta sufrimenduaren aurrean" Euskal Herrian bizitzen jarraitzea erabaki zuten guztien ausardia ere nabarmendu zuen Valdiviak: "Katy, badakigu urte zailak eta bakardade handikoak izan direla. Zurekin egon arren, Alfonso gabezia handiegia eta bidegabea da. Zuk eta zu bezalako pertsonek, terrorismoaren aurrean horma bat izan zaretenek, posible egin duzue gaur egun esan ahal izatea ETAk ez zuela ezer lortu, min, negar eta odolaz beteriko kaleak eta plazak baizik".

Bukatzeko, Medellingo Udalaren ohorezko liburua izenpetu zuen alkateak eta "terrorismoaren biktimen oroimena bizirik mantentzeko beharra" azpimarratu zuen, Lasarte-Oriako Udalak gai horrekiko duen konpromisoa berrestearekin batera.