Bertso bazkari literarioak 10 urte bete ditu algara artean

Lierni Apaolaza Urdanpileta 2025ko ots. 24a, 10:15

Irakurle txokoak hamargarrenez egin du bertso saio literarioa larunbat arratsalde honetan. Hamarkada batez, lagun eta otordu artean, bertsoez gozatzeko tartea eskaini dute Xirimi Elkartearen baitan. Pandemian, hutsunea izan zen, eta ondorengo edizio batzuetan, publikoak ez zuen aurretiazko jakirik izan. Hala ere, aurten betiko legez aritu dira Uxue Alberdi, Ane Labaka eta Maialen Lujanbio. Gaiak jartzeko lana Unai Elorriaga idazleak izan du. 

Istorio ezagunak eta ezezagunak. Liburu klasikoak mintzagai izan direlarik, hiru bertsolariak erabateko askatasunarekin jardun dira. Ezusteko bideak aukeratu dituzte, eta bestelako ikuspegietatik begiratuta kontakizunak, bihurritu. Entzuleek gustora jaso dute eurek kantatutakoa; barrezka eta txaloka aritu baitira 90 minutuz luzatutako saio osoan zehar. Orobat, bertsolariek narratutakoa tentuz aditu dute, isil-isilik izan dira bertsoak barneratzeko. 

Aurreko urteetan gertatutakoaren antzera, Xirimiri Elkartea beteta izan da. Irakurle Txokoak salgai jarritako txartelak: agortuta. Eserita, zutik edota paretari itsatsita, publikoak angulurik egokiena lortu nahi izan du saioa hartzeko. Hasierako agurran, hiru bertsolariek; Labakak, Alberdik eta Lujanbiok, saioaren hamargarren urteurrenari erreferentzia egin diote, baita denbora horretan, bertsolariek eta ikus-entzuleek sortutako “korpusari” ere. Ondoren, hitzez eta doinuez osatutako altxorra ireki dute.

Elorriagak aukeratutako lehenengo liburua Paul MCcarthyren Errepidea izan da. Mundua suntsiturik da, eta Alberdi da azken biztanlea. Alabaina, ezustean, Labaka ere bizirik bada. Lagunak ala etsaiak, bi bertsolariak testuinguru hartan, nolabaiteko bigarren genesian, adiskideak izan dira. Adanik gabeko bi Eva. Jarraian, Herbert Rosendorfen Antzinako Txinako Gutunak hizpide, Lujanbio martxan jarri du gai jartzaileak. Hernaniarrari XIX. mendeko neska baten papera egotzi dio. Hark denbora makina bati esker, garai hartatik hona bidaiatu egin du, eta Labaka hura laguntzen saiatu da. Abiapuntu horretatik jarraituta, bertsolari lasartearrak “jendarte” euskalduna zer den kantuz azaldu dio.

Hirukotea, gerora, infernura jetsi da Danteren nobela-eta. Horren ostean, ausazko hildako pertsonaia historiko bihurtu dira Irene Solà katalaren Nik kantatu eta dantzatu egiten du mendiak liburuaren omenez. Bakoitzak aukeratu du bere papera. Frida Khalok, Bixentak eta Maria Cristinak elkarrekin topo egin dute spa batean. Bertsolariek elkarri zirikatu diete publikoaren gozamenerako. Umore bera plazaratu dute Molière idazle frantsesaren Gaixo imaginarioa egoztean. Izan ere, bakoitzak bere "gaitzak" zintzoki abestuz, halako batean, Lujanbiok potorik egiteak sortutiko antsietatearekin eta bazkarian jandako elikagai mordoarekin jolas egin du: "Haizea ere falta det alboko errejan /Zenbat gauza serbitu dituzten bandejan / Urdailak minez daukat, ziztaka ta kejan / Postrea txarra zegon, nahiz ta ez deten jan". Antsietate horren aurrean, Labakak eta Alberdik bertsolariaren adorearen eta trebeziaren inguruko zenbait bertso egin dituzte.

Aldarrikapenak eta goraipatzeak

Bertsoka eta algaraka aritu direla, hiru bertsolariek albokoari aipamen politak egin dizkiete bakoitzaren gaitasuna laudatzeko. Bakarka eta Mary Shelleyren Frankestein kontakizuna eskuartean, Labaka berrantolatu egin da gorputzeko zati berriak batuta: "Nik transplantatu nahi nuke bi hauen burmuina" abestu die bere kideei. Politikari buruz hitz egiteko tartea ere izan dute Mr. Hyde eta Jekyll doktorea pertsonaiekin aritzean, eta munduko deabruei hainbat bertso eskaini die.

Elorriagak bere lana amaituta, bertsotan segitu dute hiru bertsolariek bakoitzari okurritutako gaiekin. Ondoren, publikoaren txalo zaparradarekin amaitu da aurtengo bertso saio literarioa. Entzundakoa oraindik fresko, ikus-entzuleek euren artean komentatu dituzte esaldi eta pasarterik gustukoenak.