Alde batetik, olioa; dilistak; arroza; esnea eta txokolatezko hautsa. Bestetik, hotzetik babesteko mantak; lo zakuak; bufandak eta eskularruak. Orobat, Donostiako Kale Afari Solidarioa ekimenaren logistika gastuak estaltzeko diru-ekarpenak. Produktu eta jaki horiek bildu ditu berriki antolatutako Lasarte-Oriako Elkartasun Sareak larunbat goiz honetan Okendo Plazan, hurrengo astearteko otordua prestatzeko eta banatzeko.
Iazko urte amaieran, zenbait lasarteoriatarrek Donostian kalean bizi diren pertsonei laguntzea erabaki zuten. Bertako boluntario Kale Afari Solidarioa ekimenekoekin harremanetan jarrita eta haien dinamika ezagututa, hilabeteko azken asteartean afariak prestatzea eta banatzea beren gain hartzea adostu zuten. Izan ere, talde horrek lau urte daramatza kalean bizi diren ia 300 pertsonari gauero otordu bero bat ematen. Alabaina, azkenaldian, erakundeak beren lana kriminalizatzen hasi dira. Hortaz, beren jarduna premiazkoa dela ikusita, Lasarte-Oriako Elkartasun Sareak ekimen hau babestea erabaki du.