LOKEko gimnastek denetariko emaitzak izan dituzte eskolarteko lehen fasean

Txintxarri Aldizkaria 2025ko ots. 20a, 11:00

LOKEko infantil P1 izan da eskolarteko lehian parte hartu duen taldeetako bat. LOKE Gimnastika

Eskolarteko mailako gimnastak Azpeitian bildu ziren hilaren 15ean eta 16an Gipuzkoako txapelketako lehen fasea lehiatzeko. Lasarte-Oria kirol elkarteko (LOKE) ordezkariak bakarka zein taldeka parte hartu zuten infantil zein alebin mailatan eta batzuk maila berriari aurre egiten ziotenez, denetariko emaitzak izan ziren

Lehen jardunaldian alebinen txanda izan zen. Taldeek esku hutsik eta pilotarekin egin zuten lan eta bakarkakoek, aldiz, tresnarik gabeko dantzak eskaini zituzten. Aipatzekoa da bakarka Ariane Rodriguezek egindako lana. LOKEko prestatzaileek azaldu modura, B mailatik igo berri da Rodriguez eta aurkari onak izan arren, "ez zen kikildu eta bere indar eta espresio guztia erakutsi zuen bere dantzan". Horrek lehen postua eman zion.

Hurrengo egunean, berriz, infantilak atera ziren tapizera eta tresna ezberdinekin lehiatu ziren. Taldeek uztaiarekin prestatutako lanak aurkeztu zituzten eta bakarkakoek, aldiz, sokarekin.

Talde guztiak ederki lehiatu ziren, nahiz eta aurreko egunean P1ak kide bat galdu lesioarengatik. Lehiaketan gainerako lau kideek aurkeztu zuten koreografia eta Paula Martinez entrenatzailearen eta gazteen lanari esker, ederki moldatu ziren.

Bakarkakoei dagokionez, Aiala Jimenez ederki jardun zen A mailan eta Oihane Portuburuk urduritasunarengatik hainbat akatsak egin eta horiek puntuazioan kaltetu zutela aipatu dute entrenatzaileek.

Hemen emaitza guztiak:

• Bakarkakoak/bikoteak

  • Infantil A maila

    • Oihane Portuburu - 7º

    • Aiala Jimenez - 3º

  • Alebin A 

    • Ariane Rodriguez - 1º

 

 

* Beltzez podiuma lortu duen gimnasta/taldea

• Taldeak 

  • Infantil B 

    • LOKE P1 - 6º

    • LOKE P2 - 2º

  • Infantil C

    • LOKE - 5º

  • Alebin B

    • Landaberri - 11º

  • Alebin C

    • Landaberri P1 - 35º

    • Landaberri G - 19º

   

Eskolarteko txapelketan parte hartu zuten LOKEko talde eta bakarkakoetako batzuk. Arg.: LOKE Gimanstika

 

Benjaminak, tapizera

Amateur eta eskolarteko mailako gimnastez gain, taldeko txikiek ere euren dohainak erakusteko aukera izango dute benjamin topaketan. Hilaren 22an, Hernaniko kiroldegian, Landaberriren izenean hiru talde izango dira euren lanak erakusten.