Arduradunek jakinarazi dute makina bat jarri dutela jangelako soberakinak bildu eta banatzeko. Horrek, hortaz, ahalbidetuko du jakiak alperrik ez galtzea, hau da, soberakinen kudeaketa eraginkorragoa eta jasangarriagoa sustatzea. Aparatu hori udaletxe zaharreko arkupetan kokatuko dutela jakinarazi dute; kokaleku hori aukeratu dute herritarrek puntu eroso eta irisgarri batean produktuak eskuratu ahal izan ditzaten.
Hala, azaldu dute aipatu programak elikagaien berreskuratze eta banaketa prozesu osoa "segurtasun eta higiene kontrol zorrotzen pean" egiten dela bermatzen duela; jantokietako soberakinak, hala nola prozedura zorrotz baten bidez prozesatzen dira, ondorengo urratsak barne hartuz:
- Tenperatura kontrola eta elikagaien segurtasuna: Sukaldetik atera ez diren eta tenperatura egokietan mantendu diren elikagaiak soilik bilduko dira (+65ºC bero-lerroan edo -4ºC hotz-lerroan).
- Termozigilatutako ontziratzea: Elikagaiak konpostagarriak diren ontzietan sartuko dira eta hermetikoki itxita geratuko dira, kontserbazio egokia bermatzeko eta kutsadura saihesteko.
- Abatitzaile bidezko hozte azkarra: Elikagaien segurtasuna mantentzeko, 90 minututan 4ºC-ra hoztuko dira.
- Etiketatzea informazio xehearekin: Ontziek elikagaien tipologia, kontsumo datak, trazabilitatea eta erabilera argibideak hainbat hizkuntzatan jasoko dituzte.
Prestaketa pauso horiek eginda, elikagaiak hozkailu eramangarrietan gordeko dituzte, hotz katea mantenduta, arestian aipatutako makinara eraman arte.
Elikagai banagailuak 200 errazio inguru gordetzeko edukiera duela azaldu dute, eta esan, soberakinen eskuragarritasunaren arabera, egunean behin edo bi egunez behin beteko dela. Gainera, makinak telemetria software aurreratua du, eta horri esker, berreskuratutako errazio horien kopurua, elikagaien tipologia, bilketa eguna eta ordua, erabiltzaileen lehentasunak eta kontsumo ohiturak erregistratzen ditu.
Horrez gain, adierazi dute proiektuak ez duela soilik elikagaiak banatzeko zerbitzua eskaintzen, hezkuntza komunitatea ere inplikatzen baitu prozesu osoan. Oriarte BHIko ikasleek parte hartuko dute elikagaien etiketatzean eta garraioan, eta kontzientzia eta erantzukizun soziala sustatuko dute elikagaien xahuketaren aurkako borrokan. Horrez guztiarekin batera, sukaldeko eta jantokiko langileei, irakasleei eta ikasleei prestakuntza espezifikoa eman zaie, prozesuaren fase bakoitza osasun berme guztiekin gauzatzen dela ziurtatzeko.
Proiektuaren "balio pedagogikoa"
Hori guztia azalduta, Valdiviak egitasmoaren garrantzia azpimarratu du: "Ekimen hori martxan jarrita, ez gara soilik xahuketaren aurka borrokatzen ari, baizik eta produktu horiek behar dituztenengana iristea errazten dugu, gizarte solidario eta jasangarriagoa sustatuta".
Fernandezek, berriz, honako adierazpenok egin ditu: "Ekimen honek herritarrak, eta bereziki gazteak, kontsumo arduratsuaren garrantziaz hezi eta kontzientziatzen ditu. Hezkuntza zentroen eta familien inplikazioa funtsezkoa da gure gizartea aldatzeko".
Oriarte BHIko eta Oriartekide Guraso Elkarteko ordezkari Lopez-Zuazok eta Illarramendik ere hartu dute hitza, eta nabarmendu, proiektuaren balio pedagogikoa. Hala, azpimarratu dute horrek ikasgeletan jasangarritasuna eta ekonomia zirkularra integratzeak duen garrantzia. Ikasleak ontziak makinan sartzen hasteko irrikaz daudela ere jakinarazi du aipatu ikastetxeko zuzendariak.
Informazio gehiago nahi duena Fundacion Residuo Cero elkartearekin jar daiteke harremanetan. Horretarako, honako bide hauek jarri dituzte interesdunen esku: 635 75 05 81 eta 674 04 14 38 telefono zenbakiak, edo fundacionresiduocero@gmail.com helbide elektronikoa.