Alebinak eta benjaminak, ederki etxeko jardunaldian

Txintxarri Aldizkaria 2025ko ots. 18a, 15:45

Buruntzaldea IKTko igerilari gazteenek Maialen Chourraut kiroldegian izan zituzten hitzorduak hilaren 15ean. Urtera jauzi egiten lehenak benjaminak izan ziren eta horien ostean, alebin mailako ligako laugarren jardunaldia jokatu zen. Ederki jardun ziren igerilari gazteak eta lehen postuetan ere izan ziren alebin mailan

Lehen saioan igeriketa taldeko hamalau haurrek parte hartu zuten eta ikasteko zailak diren bi estiloei eutsi zioten, bular zein tximeleta estiloa. 

Lehenik, hanken seriea egin zuten eta taularen laguntzaz, tximeleta eran egin zuten 2016 eta 2014 urte arteko igerilariek. Ostean, bular estiloko 50 m. edo 100 m. probei egin zieten aurre eta 4x50 m. tximeleta erreleboa ere jokatu zuen taldeko Nora Becerrak Igartza eta Ordizia taldeko kideekin batera.

Akats batzuk izan zirela jakitun, igerilari guztiak bikain aritu zirela nabarmendu dute taldeko prestatzaileek eta gogoratu dute maila horretan arautegiaren ezagutza eta estiloen irakaskuntza dutela kontuan. 

Gainera, bi modu horiek barneratzeko lanean jarraituko dutela jakitera eman dute; hurrengo jardunaldian ere bi estilo horiek izango dira oinarri. Bakarkako proban tximeleta eran lehiatu beharko dira gaztetxoak eta erreleboan, bular estiloa.

Lehen postuetan

Jarraian, alebin mailako igerilarien txanda izan zen eta horretan Buruntzaldea IKtko zazpi ordezkari izan ziren borrokan.

Igerilariek jardunaldiari hasiera emateko 25 m. bular estiloko hanken lasterketa izan zuten. Ondoren, 400 m. libre eta bizkar erako 100 metroko edo tximeleta estiloko 50 metroko probak izan zituzten aukeran. 

Buruntzaldea IKTko kirolariek distantzia ertaineko proban jarri zuten arreta eta askorentzat lehen aldia zen arren, marka politak eskuratu zituzten eta batzuk euren mailako lehen postuetan izan ziren. Ikus goiko koadroa. 

Horrez gain, Aitor Ormazabalek egindako markari esker, Gipuzkoako Udako Txapelketarako gutxienekoa eskuratu zuen.

Gainerako probei dagokienez, igerilariak txukun aritu ziren eta igerilarien gehiengoak markak hobetzea lortu zuen.

Eta lanean jarraituko dute Buruntzaldea IKTko ordezkari gazteek. Hurrengo hitzordua martxoaren 15ean izango da; Ligako bosgarren jardunaldia Tolosako Usabal kiroldegian lehiatuko da.

Eskertza

Igeriketa taldeko ordezkariek eskerrak eman dizkiete euren ezinbesteko laguntza eman zieten boluntarioei: "Zuek gabe ezingo genukeen jardunaldia burutu".

 

* Portadako argazkia: Buruntzaldea IKT / Galeriako irudiak: Txintxarri