Lasarteoriatarrak jasaten ari diren osasun arreta eskasarekin eta, oro har, Osasun Publikoaren egoerarekiko kezkatuta, elkarretaratzea aurrera eraman du LOOPA plataformak. Gure medikuak non daude? irakur zitekeen afixaren atzealdean batu dira herritar asko, eta guztiek bat egin dute aldarrikapen berarekin: osasuna oinarrizko giza eskubidea dela, eta kalitatezko Osasun Publikoaren aldeko defentsarekiko konpromisoa.
Azpimarra berezia egin diote kalitatezko Lehen Arretaren defentsari; adierazi dute, familien osasun erreferenteak diziplina arteko talde egonkorretan oinarritu behar duela. Halaber, azaldu dute ikuspegi komunitario batekin lan egingo duten profesionalak izango dituena, horrela, gaitzak prebenitu, gaixoak zaindu, eta behar denean, horiek sendatzeko.
Gauzak horrela, Osasun Publikoaren aldeko defentsan euren erabateko prestutasuna agertu, eta osasun zentrora joan dira denak. Bertan, anbulatorioko zuzendaritzari bilera eskaera formala egin diete. Eskaera horren bitartez herritarrek pairatzen duten mediku faltaz eta arretaren eskasiaren gaineko ezinegona transmititu nahi diete. Bestetik, berriz, egoeraren irakurketa ahalik eta zuzenean egin ahal izateko, Lasarte-Oriako anbulatorioko errealitateaz lehen eskuko informazioa jasotzea galdegin dute, hau da, egun dauden eta egon beharko liratekeen giza baliabide eta material baliabide balantzaren berri izan nahi dute, baita horien bilakaeraren, neurri zuzentzaileen, aurreikuspenen eta langintzen berri ere.
Gutuna onartu dietela jakinarazi dute agerraldiaren amaieran, LOOPAko ordezkariek, eta euren erantzunaren zain geratzen direla esan. Eskerrak eman dizkiete bertaratu diren herritarrei.