Asier Acuriolaren taldeak liga erregularreko azken neurketa galtzeak sortu zion zapore garratza kentzeko baliatu zuen igoerako final laurdena eta finalaurrekora begira konfiantza eman zion taldeari.
Partida urduri hasi zuten etxeko jokalariek eta lehen minutuetan erasoan zein defentsan baloien kontrola eta zehaztasun falta ekarri zuen. Ederki borrokatuta, 25-22 irabazi zuten lehen jokoa eta horrek konfiantza eman zion taldeari.
Lehen zatiko akatsak zuzendu eta erasoan eraginkortasuna irabazi zuen etxeko taldeak. Era horretara, 25-10 eta 25-11 gainditu zuen Galdakao BT Elexalde eta igoera eskuratzeko bidean aurrera egin zuen Ostadar SKTko taldeak.
Getxo finalerdian
Beste talde bizkaitar bat izango du aurrez aurre Acuriolak zuzentzen duen taldeak finalerako bidean, Getxoko Aixerrota.
Getxoko Aixerrotak A multzoko bigarren sailkatu modura amaitu zuen lehen fasea. Beraz, neurketa berdinduagoa espero du Ostadar SKTko prestatzaileak: "Getxo talde orekatua da eta indartsua bai defentsan baita erasoan ere".
Ostadar SKTk bere onena emanez gero, bizkaitarrak gainditu eta finalean egoteko aukerak dituzte uste du Acuriolak. Bere hitzetan, "Gure maila erakutsiz gero aukera handiak ditugu finalera iritsi eta I. mailarako igoera zuzena eskuratzeko. Baina gure aurpegirik onena aurkeztu behar dugu neurketan".
Lasarte-Oriako boleibol zaletuek taldeari animoak eman eta igoerara bultzatzeko aukera izango dute berriro ere; hitzordua Maialen Chourraut kiroldegian jokatuko du Euskal Ligako taldeak, hilaren 22an, 18:00etan.