2025eko udan haur errefuxiatu sahararrak etxean hartuko dituzten harrera familiak bilatzeko prozesua abiatu du Oporrak Bakean ekimenak. Hala jakinarazi dute, gaur goizean, Lasarte-Oriako Udalak, Oporrak Bakean egitasmo ordezkari eta herriko harrera familia bateko kideak.
Alkateak hartu du hitza agerraldiari hasiera emateko, eta, azpimarratu udalerriak aipatu programarekin duen konpromisoa berresten duela. Honako adierazpenok egin ditu gero: "Urte asko daramatzagu Lasarte-Orian herri solidario eta konprometitua garela erakusten. Oporrak Bakeanek ez die bakarrik ongizatezko uda bat eskaintzen haurrei, baizik eta haien herriari gure babes eta elkartasuna adierazteko aukera ere ematen digu. Saharar herriak baldintza oso gogorretan jarraitzen du borrokan, eta horregatik, gure elkartasuna ezinbestekoa da".
Gizarte Zerbitzuetako zinegotzi Nuria Fernandezek, berriz, harrera familiak balioan jarri ditu: "Haur bat udan hartzea eskuzabaltasun keinu ikaragarria da. Aurreko edizioetan parte hartu duten familiei eskerrak eman nahi dizkiegu, eta familia berriei programan parte hartzera animatu. Hau ez da soilik haur sahararrentzat aberasgarria, baita harrera familientzat eta gure komunitate osoarentzat ere".
Tolosaldea Sahararekin elkarteko ordezkari Elixabete Eizagirrek hartu du hitza gero, eta harrera familien beharra nabarmendu du. Azaldu du Mendebaldeko Saharako haur errefuxiatuentzat "ezinbestekoa" dela udako baldintza gogorretatik (60 gradura ere irits daiteke tenperatura urte sasoi horretan) aldentzeaz gain, beraien elikadura eta osasuna hobetzeko aukera ematen diela, besteak beste. Ez hori bakarrik, ordea, beste errealitate, kultura eta ohitura batzuk ezagutzeko para ere. Hori azaltzearekin batera, azpimarratu du haurrak hartzen dituzten familiek gaztetxo horiengandik guztiengandik jasotzen dutena ere ederra dela: "Bi aldeko hartu-eman bat da. Horrek, gainera, betirako lotura bat sortzen du haur sahararrarekin eta bere familiarekin, eta hori magikoa da".
Irati Zatarainen txanda izan da gero. Harrera familia da, eta aurten, hirugarren urtez hartuko du haur saharrara etxean. Urte hauetan bizi izan dutenaz mintzatu da, eta kontatu du, besteak beste, oso esperientzia ona izaten ari dela: "Oso erraza izan da lehen egunetik". Elkarteak uneoro eskaintzen duen babes eta laguntza ere azpimarratu ditu, eta herriko familiak animatu harrera familia izatera.
Azken horrek aipatu du ere Lasarte-Oriara etorriko diren haur sahararrek aukera izango dutela uztailean zehar txokoetan parte hartzeko aukera izango dutela, baita igeriketa ikastaroan ere. Hori, udalaren laguntzari esker posible dela ere jakinarazi du, eta eskerrak eman dizkie udal ordezkariei.
Izena emateko epea
Harrera familia izan nahi dutenek, martxoaren 15era arteko epea dute izena emateko. Zalantza dutenentzat, gainera, bilera informatibo bat aurrera eramango dutela ere iragarri dute. Mercero aretoan izango da hori, hilaren 25ean, 17:30ean. Eizagirrek ohartarazi du inolako konpromisorik gabe joan daitekeela gaiarekiko interesa duen oro. Ekimenaren gaineko informazioa emateaz gain, bertaratzen direnen zalantza eta bestelakoak argitzeko ere baliagarria izango dela.
Informazio gehiago nahi duenak, elkartearekin harremanetan jar daiteke, eta horretarako honako bide hauek erabil ditzakete: www.oporrakbakean.eus; 696 014 786 telefono zenbakia, edo oporrakbakean@gmail.com helbide elektronikoa.