Egun batzuk lehenago argitaratutako gai zerrenda moldatu eta zenbait gai azken orduan gehitu dituztenez, horiek udalbatzarrean urgentziaz landu ala ez onartu behar izan dute. Hori egin dute, esate baterako, Estitxu Alkorta Barragan zinegotzi berriaren kargu hartzearekin. Lasarte-Oriako EAJn makina bat legealditan aritutako herritarra korporaziora itzuli da, abenduan dimitutu zuen Jon Antxordoki Rekondoren tokia hartzeko. Ez da hori izan jeltzaleen udal taldeko aldaketa bakarra, izan ere, Goizalde Pildain Narvarte dedikazio osoz ariko da hemendik aurrera; jakinarazpen hori ere plenotik pasa behar izan dute ofizial bilakatzeko.
Jarraian, Lasarte-Oriako kaleak eta bestelako bideak garbitzeko kontratua izan dute hizpide, eta FCC enpresari adjudikatzea adostu dute. Onetsi dute, baita ere, Beterri Errotuz hitzarmena: Beterri-Buruntza mankomunitatearen altzoan, baztertze egoeran dauden pertsonei lanera sarbidea erraztea du helburu akordio horrek. Urteroko aurrekontuetan diru partida bat bideratuko dute horretara: aurten, datorren urtean eta 2027an, 53.760, eta, 2028an, 40.320 euro. Bestalde, Udal Liburutegiak orain arte kobratu (1,50 euro pertsonako) egiten zuen tramiteetako bat, bazkide txartela egitearena, doako bilakatuko dute.
Sahararrei elkartasuna
Otsaila hilabete berezia da Mendebaldeko Saharako herritarrentzat, batez ere, 27. eguna: duela 49 urte Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoa eratu zuten eta urtero gogoratzen dute urteurrena. Batez ere Marokok jazartzen dituen pertsona horien guztien egoera eta berezko eskubideak zeintzuk diren gogoratzeko, mozio bat erregistratu ohi du Sahararekin Elkartasuna Lasarte-Oria eragileak. Hori irakurri du alkateak eta korporazioko kideek eskatutakoari atxiki ala ez bozkatu behar izan dute: aho batez onartu dute herrialde horretako bandera udaletxe zaharrean zintzilikatzea eta urteurrenaren egunean egingo duten manifestazioan parte hartzea.
Stop Desahucios eragileak ere erregistratu du proposamen bat, nahiz eta bertan behera utzi (kontrako boto gehiago jaso dituelako aldekoak baino) eta Udal Gobernuko alderdiek prestatutako beste bat landu dute, "osoagoa" zelakoan, Nuria Fernandez sozialistak argudiatu duenez. Etxebizitzaren alorrean udalerri tentsionatu izendatu berri dute Lasarte-Oria eta "gero eta tenkatuago" dagoen alokairuaren merkatuan neurriak hartze aldera, Erreferentziazko Prezioen Indizea ezagutu beharra azpimarratu dute, eta Gipuzkoako Foru Aldundiari eskatu elkarlanean jarraitzeko Espainiako Etxebizitza Ministerioarekin, beharrezko informazioa bidal dezan. EH Bilduk abstenitzera egin du, mozio horrekin ados egonda ere, jatorrizkoa mamitsuagoa zela iruditzen zaiolako, "neurri zehatz batzuk" proposatzen dituelako Stop Desahuciosek.
Etxebizitzaren gaiarekin jarraituta, Alokabideren eta udalaren arteko hitzarmena udalbatzarrean onartzekoak ziren, baina alkateak proposatu die mahaiaren gainean uztea, txosten batzuk falta direlako eta plenora ekarri aurretik nahiago duelako dagokion batzordera eraman.
Gai zerrendako hizketagaiak bukatuta, galdera eta erreguen txanda ireki dute. EH Bilduk hartu du hitza Atsobakarreko kirol gunea, elkarteekin oraindik sinatu gabe dauden iazko lankidetza hitzarmenak eta kulturgileen zerrenda eguneratu baten beharra mahai gainean jartzeko.