Herriko atletek dominak jantzi dituzte adin txikiko lehietan

Txintxarri Aldizkaria 2025eko otsailaren 13a

Alkorta, Almagro eta Aiala, txapelekta ezberdinetan lehian. Arg.: Ostadar Atletismoa.

Lasarte-Oriako atletek adin txikiko bi lehiaketari egin zieten aurre hilaren 8an eta 9an, Adin txikiko Euskadiko jaurtiketa luzeen txapelketa eta 18 eta 20 urtez azpiko Gipuzkoako txapelketa. Herriko ordezkariak 20 urtez azpiko mailan lehen postuetan sailkatu ziren bietan

Adin txikiko Euskadiko jaurtiketa luzeetako txapelketa lehiatu zuten Ostadar SKTko Hodei Garcia, Aiala Ramos eta Helene Martinek. Hirurek xabalina jaurtiketa proban eta lehen biak podiumeko bigarren mailara igo ziren.

Horrez gain, Garciak eta Martinek euren markak ondu zituzten. Garciaren kasuan, 42,95 metroko jaurtiketarekin marka pertsonal berria ezarri zuen eta Martinek denboraldiko marka hobetu zuen, 26,22 metro.

Gipuzkoakoan, fin

Herriko atleta ezberdinek ere 18 eta 20 urtez azpiko Gipuzkoako txapelketa lehiatu zuten eta horretan ere fin ibili ziren Ostadar SKTko 20 urtez azpiko lehiakideak.

Urrezko zein brontzezko dominak jantzi zituzten hainbat atletek:

20 urtez azpikoa

  • Oinatz Almagro:
    • Luzera jauzia - 1º
    • Jauzi hirukoitza - 1º 
  • Aitor Eizaguirre: 
    • Pisua - 1º

 

  • June Garcia:
    • Luzera jauzia - 3º
  • Iraia Alkorta:
    • 60 m. liso - 3º

Eta horien artean, nabarmentzekoa da Iraia Alkorta abiadura proban egindako marka, 7,89; Espainiako gutxienekotik gertu geratu zen Lasarte-Oriako atleta gaztea.

Proba librea

Gipuzkoako txapelketa izateaz gain, Ostadar SKTko atletak gazteek, batez ere, 16 urtez azpikoek hilaren 22an eta martxoaren 1ean izango diren Adin txikikoen Euskadiko txapelketa zein euren mailako Gipuzkoako txapelketa prestatzeko edo markak eskuratzeko baliagarri izan zuten.

Horien artean, Ostadar SKTko Eider Redondo (60 m.lasterketa), Erin eta June Iruretagoyena (300 m. lasterketa), Irati Gallego (300 m. lasterketa) zein Atletico San Sebastian taldeko Hodei Murgiondo (60 m. lasterketa) denboraldiko marka ondu zuten. 

Hilaren 15ean ere txapelketetarako baliagarriak dituzten markak lortzeko proba libreak izango dituzte herritarrek, baita Ostadar SKTko eskolarteko mailako kideek ere.