Heriotza izango da landuko duten hurrengo gaia

Txintxarri Aldizkaria 2025eko otsailaren 14a

Hilabete honetako mahai inguruaren berri eman dute Borobilean Elkarteko kideek: hilaren 26an aurrera eramango dute, Oriarte Landaberri institutuan, 19:00etatik aurrera, eta heriotzari buruzkoa izango da. Tabu izan ohi den gai horri buruz luze eta zabal hitz egiteko asmoz, Antropologia Sozialean doktore Iñaki Olaizola eta Tanatologian aditu Nere Erkiaga gonbidatuko dituzte.

"Nola hil nahi duzu? Hiltzen ikas daiteke? Herri bezala heriotzaren gaiari hobeto erantzuteko, zer egin?" bezalako galderak izango dituzte hizpide eta gogoetagai. Antolatzaileek jakinarazi dute, ohi bezala, euskaraz izango dela solasaldia, baina behar duenari momentuan itzuliko diotela esandako guztia gaztelerara.