Herriko elkarte eta erregio etxeetako emakumeen topaketa antolatu dute

Txintxarri Aldizkaria 2025ko ots. 13a, 10:12

Txupinazo eta agurrarekin ekingo diote egunari, eta karaokearekin amaituko. Tartean, askotariko jarduerak iragarri dituzte, eta horietan parte hartzera deitu dituzte emakume elkartekide lasarteoriatarrak

Lasarte-Oriako erregio etxeetako eta elkarteetako emakume elkartekideen topaketa eguna ospatuko dute martxoaren 16an. Hala jakinarazi dute zenbait elkarteetako kideek, berriki, Virgen de Guadalupe Extremadura Etxean aurrera eraman duten prentsaurrean (Lasartearrak izan ezik -ez ditu emakume bazkideak-, herriko gainerako elkarte eta erregio etxe guztiek parte hartuko dute ekimenean). Agerraldi hori baliatu dute, azpimarratzeko Lasarte-Oria bere kultura ondareaz "harro dagoen herria" dela, eta aberastasun horren oinarri gisa aurkeztu dituzte erregio etxe eta elkarteak. Gaineratu dute, aniztasun eta elkartasun horren muinean, aipatu espazio horien lana dagoela, baita bertako kide diren emakumeena ere. 

Azpimarratu dute, euren "dedikazio eta grinarekin" bizirik mantendu dutela jasotako herentzia, eta, kasu batzuetan, horrekin batera, euren erregioetako sustraiak ere bai. Halaber, gogorarazi dute guztien arteko elkar ulertzea eta lotura sustatu dituztela, eta bide beretik jarraitu nahian, beste behin ere herrian kultur intereseko edukiak sortzeko desira agertu dute, eta horretarako, erabat berritzaileak diren askotariko jarduerak aurrera eramateko asmoa agertu dute. Gauzak horrela, Lasarte-Oriako eragileen artean kultura trukeak eta elkarrekiko ezagutza sustatzeko helburuari arreta berezia eskaini nahi diote, horretarako, emakumeek herriko elkarte bakoitzean duten parte hartzearen gaineko hausnarketa partekatua eginda. 

Topaketa, datorren hilean

Arestian aipatu bezala, martxoaren 16rako iragarri dute lehen topaketa. Begi bistakoa da herriko elkarte eta erregio etxeek antolatutako jarduera dela, eta, egun horretarako prestatu dituzten ekimenen berri ere eman dute. Zenbait datu oraindik zehazteke dituzten arren, azaldu dute txupinazo eta agurra izango direla goizeko lehen jarduerak; 11:00etan izango dira horiek. Ordu laurden geroago, 11:15ean, berriz, kalejiran ibiliko dira Oaintxe in deu! txarangak lagunduta; pintxo-potea ere egingo dute, herriko elkarteetan barrena (zeintzuetan izango den aurrerago jakinaraziko dute). Hori eta gero, 13:30ean, gaiaren gaineko gogoeta egingo du Bea Egizabal umoregileak Extremadura etxean, eta saio hori amaituta, bazkaria egingo dute, leku berean (14:15ean). Menua ere jakinarazi dute: Extremadurako gazpatxoa; sagardotan egositako txistorrarekin egindako mamiak; ardo beltz saltsarekin kozinatutako masailak, patata purearekin, eta izozkia ananarekin. Edateko, berriz, ardoa, sagardoa eta ura izango dute bertaratzen direnek, eta kafea edo infusioa ere. Bertaratu nahi dutenek aldez aurretik tiketak erosi behar dituztela ohartarazi dute antolatzaileek, eta, esan, bakoitzak bere elkartean bertan eskuratu behar dituela, hilaren 28a baino lehen. 80 bazkaltiarrentzat lekua izango dela aurreratu dute, eta prezioa ere bai: 30 euro. Sabelak beteta, karaokean arituko dira, 17:00etan, Extremadura etxean. 

Hori guztia esanda, herriko elkarte eta erregio etxeetako bazkide diren emakumeei dei egin diete egitasmoan parte hartzera anima daitezen. 

Agerraldia amaitu aurretik, azaldu dute udalak diruz lagundutako jarduera izango dela, eta, Martxoaren 8ko egitarauaren barruan aurkeztuko duela.