Ostadar SKTko taldeek ezin etxean garaipena lortu

Txintxarri Aldizkaria 2025ko ots. 12a, 11:00

Boleiboleko Gipuzkoako Ligako neurketez gozatu ahal izan zuten zaletuek hilaren 8an Lasarte-Orian. Emaitzak, ordea, ez ziren etxeko taldeen aldeko izan

Senior mailako neurketan, esate baterako, Ostadarrek 1-3 galdu zuen Toloboleiren aurka.

Tolosako taldeak lehen bi jokoak irabazi (13-25 eta 15-25) eta etxeko taldeak alde murriztu zuen hirugarren seta eskuratuaz (25-11). Tamalez laugarren zatian Toloboleiek 12-25 egin eta garaipena erdietsi zuen.

Kadete mailako A taldeak ere ezin izan zuen Hernani KE 3 garaitu (0-3) eta infantilek Aiztondo NBKT 1 taldearen aurka ederki borrokatu arren, azken jokoan galdu zuten partida (2-3). 

Gauza bera gertatu zitzaion Kadete mailako B taldeak Hondarribian. Harresi 3 taldeak azken jokoan eraman zuen garaipena (3-2).

Irunen, berriz, bestelakoa izan zen jubenilen jarduna; Ostadarreko ordezkariek Mayumiren aurkako neurketari itzulia eman zioten. Lehen jokoa etxekoek 25-16 irabazi ostean, urdin-beltzek erasoan eta defentsan ederki lan eginez hurrengo hiru zatiak (16-25, 18-25 eta 13-25) bereganatu zituzten.

Igoera jokoan

Horrez gain, Euskal Ligako II. mailako taldeak ezin izan zuen lehen faseari amaiera biribila eman; hilaren 8an, D'Elhuyar Logroño taldeak 3-0 garaitu zuen Asier Acuriolaren taldea Logroñon (Errioxa). 

Ederki borrokatu arren, aurkariak Ostadarren hutsak baliatu zituen hiru jokoetan gailentzeko: 25-20, 25-13 eta 25-22.

Hala ere, aurreko astean ederki gainditu zuen talde urdin-beltzak Durango (3-0) eta matematikoki bere multzoko lehen postua eskuratu zuen.

Igoera fasea hilaren 15ean hasiko da eta Maialen Chourraut kiroldegian neurketa garrantzitsua jokatuko du Ostadar SKTko ordezkariak. 

Fase horretan bi multzoetako lehen lau taldeek parte hartuko dute eta finalera iristeko kanporaketa ezberdinak gainditu beharko dituzte parte hartzaileek.

Gauzak horrela, Asier Acuriolaren taldeak A multzoko laugarren sailkatua izango du aurrez aurre final laurdenetan; aurkaria Galdakao BT taldeko Elizalde ordezkaria izango da. Hitzordua hilaren 15ean, 17:30ean, izango da Maialen Chourraut kiroldegian.