Errekaldeko merkataritza gune berria eraikitzeko zuhaitzak botatzen hasi direla jakinarazi du Eguzki talde ekologistak

Txintxarri Aldizkaria 2025ko ots. 11a, 16:09

Argazkia: Eguzki talde ekologista

Euskal Herriko talde ekologista eta antinuklearrak salatu du proiektuaren "lehen biktima" dela eremu horretan dagoen mendi hegal horretan hazten ari den baso mistoa

Lasarte-Oria eta Donostiaren arteko mugan dagoen Errekaldeko industriagunean brikolajearekin lotutako kate baten merkataritza gune berria eraikitzeko lanak hasi dituztela ohartarazi du Eguzkik. Arbuiatu du aipatu eremu horretan ez dagoela lekurik, eta hain zuzen ere, lekua egiten hasi direla Coca Cola zena eta Funeraria Vascongadaren atzeko partean, bigarren Ingurabidetik jaisten den mendi hegalean.

Errekaldeko industrialdeak, izatez, "gabezia nabarmenak" dituela nabarmendu du Eguzkik: "Espaloi ziztrin bat ere ez du, eta Lasarte-Oriarekin oinezkoentzako lotura zuzenik ere ez. Pentsatzekoa da merkataritza-gune berriarekin gauza horiek ez dutela hobera egingo, alderantziz baizik". Adierazpen horiek egitearekin batera, gogorarazi dute hori guztia esan zutela proiektua izapidetu zenean. 

Hori guztia kontuan hartuta eta proiektua aurrera doala ikusirik, hemendik aurrera ere agintariek ingurumenaren zaintzaren edota erosketak tokiko saltokietan egitearen alde azalduko dituzten jarrerak gaitzetsi ditu.