LOKEko judokek, emaitza onak hitzordu ezberdinetan

Txintxarri Aldizkaria 2025ko ots. 11a, 14:30

LOKEko Suhar Artistegi (ezker), podiumean eta infantil mailako lehen fasean parte hartu zuten judokak (eskuin). Arg.: Euskal Judo Federazioa/LOKE Judo.

Lasarte-Oriako Kirol Elkarteko (LOKE) judokek hitzordu ezberdinak izan dituzte azken asteetan. Infantilek Gipuzkoako txapelketarako sailkapen fasea hasi dute; juniorrek Euskadiko txapelketari aurre egin diote eta benjaminek ederki pasa dute euren mailako topaketan

Junior mailako Euskadiko txapelketan izan dira lehian LOKEko ordezkariak, hilaren 8an. Euskadiko judokak Urnietako kiroldegian batu ziren eta Lasarte-Oriako taldeko Suhar Aristegi eta Francis Mihai ere bertan izan ziren.

90 kilo azpiko mailan, Aristegik ederki borrokatuz lehen postua eskuratu zuen. 

Garaipenari esker, hilaren 22an Iruñean (Nafarroa) jokatuko den Espainiako Judo Txapelketako Iparraldeko Sektoreko Fasera sailkapena ere lortu du LOKEko judokak.

Mihai, aldiz, ezin izan zen 60 kilo azpiko mailan dominen borrokara iritsi.

Infantilak bikain

Ez dira horiek judo saileko ordezkariek eskuratu dituzten pozteko emaitza bakarrak izan. Hilaren 1ean, infantil mailako Gipuzkoak txapelketako lehen fasea lehiatu zen Urnietako kiroldegiko tatamian eta taldeko txikiek lorpen ederrekin eman zioten hasiera lehiaketari. 

Borrokan ederki moldatzen direla erakutsi zuten eta lehen postuetan sailkatu ziren pisu ezberdinetan:

  • Marco Iriso - 1º
  • Sofia Pozo - 2º
  • Ariana Mendoza - 2º
  • Ariane Luis - 3º
  • Ainitze Tabuzi - 3º
  • Cristel Vallejo - 3º
  • Alejandro Arevalillo -3º
  • Ivan Barrantes - 5º

Bigarren fasea hilaren 15ean jokatu dute Urnietan infantil mailako kirolariek. Euren balioa erakutsi ahalko dute LOKEko judoka gazteek eta Gipuzkoako txapelketako finalerako txartela izango dute jokoan. 

Judoken azken hitzordua hilaren 9an izan zen. LOKEko benjaminak beste herrietako judokekin batu ziren Hernaniko kiroldegian eta ederki gozatu zuten hitzorduan.