Alex Saleta kide izan duen Espainiako selekzioak Munduko koparako sailkapena eskuratu du

Txintxarri Aldizkaria 2025ko ots. 11a, 12:45

Saleta (beheko lerroan, hirugarrena ezkerretik hasita), sailkapena lortu duen taldearekin. Arg.: Ferugby.

Alex Saleta herritarrak balentria ederra lortu du errugbiko Espainiako Selekzioarekin, 2027an Australian jokatuko den Munduko Koparako sailkapena. Eta 27 urteren ostean, Espainiako selekzioa nazioarteko txapelketara itzuliko da

Hilaren 8an, Suitzako selekzioaren aurka neurtu zituzten lehoiek indarrak Yverdon-les-Bainsen (Suitza).Nagusitasunez jokatu zuten Espainiako jokalariek eta 13-43 irabazi zuten neurketa. Saleta herritarra bigarren zatian atera zen zelaira eta bere harritxoa jarri zuen suitzarrak eusten.

Herritarra pozarren dago lortutako sailkapenarekin eta Beltzak RTko kideei honako esker mezua helarazi die: "Lasarte-Orian errugbia sustatzeko egin duzuen lanarengatik eskerrak eman behar dizkizuet. Zuengatik ez balitz gaur egun errugbian jokatzen dugun jokalarietako askok ez genuke jakingo zein ederra den joko hau". 

Oharrean taldeko kideen lana goraipatzeaz gain, eurengatik bere ametsa lortu duela nabarmentzen du: "Egiten zenuten lan guztia dut gogoan, hala nola, entrenatzaileek, hirugarren denbora prestatzen zuten kideak edo bestelako lanak egiten zituztenak. Hein handi batean zuei esker, nire ametsetako bat lortu dut, Munduko txapelketako sailkapena. Une oro izan zaituzten gogoan, gure artean ez daudenak ere. Zuen lan, denbora eta ardura guztiak aukera hau eman dit eta eskertua nago".