24 orduz eta urteko 365 egunetan erabilgarri egongo den arreta zerbitzua da, eta "laguntza behar dutenentzat babesgune seguru, konfidentzial eta irisgarria" bermatzen duela azpimarratu du Fernandezek. Horrez gain, jakinarazi du gizarte langile, psikologo eta abokatuz osatutako diziplina anitzeko talde baten eskutik informazioa, aholkularitza eta laguntza eskaintzen dituela, zehatz-mehatz honako hauek:
- Sexu erasoen aurrean arreta integrala eta berehalakoa.
- Biktimen berreskuratzea errazteko arreta psikologikoa.
- Eskubidee eta prozesu judizialari buruzko aholkularitza eta orientazio juridikoa.
- Berreskurapen prozesuan gizarte laguntza eta sostengua.
- Poliziaren, justiziaren edo osasunaren arloetako laguntza profesionala.
- Biktimentzako, haien ingurukoentzat eta profesionalentzako sentsibilizazioa eta orientazioa.
Zerbitzua erabat doakoa dela nabarmendu du Fernandezek, eta esan, horren erabilera egin nahi duenak honako telefono zenbakira deitu behar duela: 900-84 01 88. Ohartarazi du 24 orduetan erabilgarri egongo dela.
Gauzak horrela, Lasarte-Oriako Udaletik, laguntza behar duten pertsona guztiei zerbitzu hori erabiltzeko deia egin die: "Indarkeria sexualaren aurkako borrokan eta emakumeen eskubideen babeserako aurrerapauso handia da".