Pablo Mutiozabal Martin hil da

Txintxarri Aldizkaria 2025ko ots. 10a, 14:17

Pablo Mutiozabal, 2010ean. Argazkia: Txema Valles.

Asteburu honetan utzi gaitu, 85 urterekin, lasarteoriatar asko eta askoren konfiantzazko medikua izan denak, Pablo Mutiozabal Martinek. 'El Diario Vasco' egunkariko gure herriko berriemaile ohi Txema Vallesek eman ditu herritar horren bizitzari buruzko zertzeladak.

1939ko urriaren 15ean jaio zen Pablo Mutiozabal Martin. Bere aita, Pablo, Lasarteko eta Hernaniko medikua zen eta txikitatik errotu zuen semearengan Medikuntzarekiko interesa eta zaletasuna. Gauzak horrela, Salamancako Unibertsitatean lizentziatu zen eta aitarekin batera hasi zen lanean, Okendo plazako frontoi atzeko anbulategian. Horren aurretik, Pablo Mutiozabalek (aitak) Severino Mendizabalen bodegan zuen kontsulta bat, herritarrak bertan artatzeko. Lasarte eta Hernani artean ibili izan zen zeregin horretan. 

Vallesek gogoratzen duenez, aita eta semea 60. hamarkada amaieran hasi ziren elkarrekin lanean, esan bezala, Okendoko pilotaleku atzeko anbulategian. Ondoren, Adarra kalekoan (Gurutze Gorriak du egoitza han gaur egun), Hipodromoko etorbidekoan (berak inauguratu zuen) eta Bekokalekoan (gaur-gaurkoz han dago osasun zentroa) aritu zen, 2009ko urriaren 15ean (70 urte bete zituen egunean bertan) erretiroa hartu zuen arte. Osakidetzan lan egiteaz gain, kontsulta partikular bat ere izan zuen Mutiozabalek, toki batean baino gehiagotan: Insausti taberna goialdeko pisuetako batean (Geltoki kalea) eta Pablo Mutiozabal kalean (Urdaneta izena zuen lehen eta bere aitaren omenez berrizendatu zuten, 80. hamarkadan). "Esan daiteke lasarteoriatarren medikua izan zela, oso atsegina eta gertukoa; askok eta askok nahi izan dugu berak artatua izatea", gogoratu du Vallesek. 

Familia eta zaletasunak

Marisa Abrego andoaindarrarekin ezkondu zen Mutiozabal, 30 urterekin. Bikoteak lau-seme alaba izan ditu: Pablo, Gerardo, Marisa eta Xabi. Medikuntza izan zuen ogibide eta zaletasun, baina ez bakarra, izan ere, txiki-txikitatik motorraren eta ibilgailuen mundua maite izan zuen. "Motocross gidari izan zen eta probaren batean parte hartu zuen, Andatza mendi inguruan". 

Herrian oso ezaguna izan zen eta beti gustatu izan zitzaion lagunekin planak eta festak egitea. Horren adibide, Jatorrena marmitako jaia, duela 30 urte pasatxo Felix Urtizberearen tailerrean hasi zena. Donostiako Aste Nagusiaren bueltan egin zuten beti topaketa hori, abuztu erdialdean. 

2019ko Jatorrena marmitako jaia, Intza elkartean. Argazkia: Txema Valles.

Erretiratu osteko urteetan familiarekin eta lagunekin igaro zuen denbora gehien, eta, azkenaldian osasun arazo batzuk izan bazituen ere, "ia-ia azken egunera arte jarraitu zuen bere egunerokoarekin".