LOKEko gimnastak tapizera ateratzeko prest

Txintxarri Aldizkaria 2025ko ots. 7a, 09:00

LOKEko taldeetako bat, erakustaldian.

Otsailean zehar lehiaketa edo topaketa ezberdinetan parte hartuko dute gimnastika erritmiko taldeko ordezkariek. Bakarka, bikoteka edo taldeka, amateur eta eskolarteko mailan lehiatuko dira LOKEko kideak. Amateur txapelketarekin hasdiko dute denboraldia, hilaren 8an 

Irailean hasi ziren lanean Lasarte-Oria Kirol Elkarteko (LOKE) gimnastak eta hilabete hauetan guztietan txapelketa denboraldi berriko prestaketak egin dituzte. Mailaren arabera, akrobazia berriak ikasi edo findu, tresnak erabiltzen ikasi edo trebatu, doinuak erabaki, koreografiak sortu eta ikasi... ahalegin eskarga gauzatu dute eta iritsi da garaia euren lanak aurkezteko.

Lehenak tapizera ateratzen taldeko amateur mailako kideak izango dira. Bergarako Labegaraieta Udal Kiroldegian lehiatuko dute euren mailako lehen fasea hilaren 8an egun osoz.  Honakoak dira parte hartuko dute gimnastak:

Bakarkakoak/bikoteak
  • Master maila - Paula Martinez
  • Senior A maila - Mirian Prieto
  • Jubenil A maila:
    • Saioa Boyero eta Noa del Amo
    • Maitane Sarmiento
Taldeak 
  • Jubenil A - LOKE
  • Kadete B - LOKE
  • Kadete C - LOKE

Maite Rueda prestatzaileak azaldu duenez, jubenil mailako zein kadete B kategoriako ordezkariek aurten kategoria aldaketa izan dute eta maila berrira moldatzeaz gain, aurreko urtean kategoria horretan lehiatu diren bakarkako edo taldeen aurka borrokatuko dira, beraz lan gogorra izango dute. Horrez gain, Senior A mailan Mirian Prietok ere lan ona egin dezakeela uste du.

Nahiz eta bestelako mailetan aurten araudi aldaketa urtea izan, amateur eta eskolarrek beste denboraldi batez araudi zaharrarekin lanean jarraituko dutela azaldu du entrenatzaileak. Hori aldeko izan dezaketela uste du: "Iaz Olinpiar Jokoak jokatu ziren eta horren ostean, araudi aldaketa izan ohi da. Gainerako mailetan aldaketa hori emango da, baina aurten amateur eta eskolarretan 2024 urtean indarrean zegoena mantenduko da".

Tapizen lehiatu arte ezin jakin, ordea; guztia emateko prest daude LOKEko ordezkariak.