Aipatu ziklo hori oso baliotsua da, besteak beste, emanaldi bakoitzera bertaratzen direnek aukera izango dutelako dokumental bakoitzaren zuzendariekin bertatik bertara hitz egiteko eta bakoitzaren lanaren nondik norakoen berri izateko.
Arestian esan bezala, bihar hasiko da bosgarren Euskal Dokumentalen Zikloa. Amaia Merinok eta Ander Iriartek ondutako Indarkeriaren oi(h)artzunak ikus-entzunezkoak irekiko du aurtengo kartelera. Tamara Muruetagoiena da kontakizunaren protagonista; duela 40 urte bere familia bahitu zuen ETAk eta bere aita hil zuen Espainiar Estatuak, torturapean. "Egia aurkitzeko bideari" ekin zion Tamarak eta bizitako guztia kontatzen du: bahiketa, familia desegituratzea, torturak, hilketa, estatuaren jazarpenerako makineria... eta baita bere lanketa propioa ere, hau da, gatazkak konpontzeko tresna nagusi gisa elkarrizketa erabiltzearena.
Hilaren 14an Puzzleak, De agua y arena, Zona Wao eta Europa lanak emango dituzte; 21ean, Zinzindurrunkarratz; eta, azkenik, 28an, Itoiz udako sesioak. Proiekzio horiek denak aurrenekoaren toki eta ordu berean izango dira eta bakoitzerako sarrerek ere 6 euro balioko dute.