Udal taldeak kritikatu du aurrekontuak etengabe gora egin duela eta bizilagunentzako informazio argirik ez dagoela proiektuaren gastuei buruz, "proiektuak aurrekontu igoera etengabea izan du, herritarrei azalpen argirik edo txosten zehatzik eman gabe".
Taldeak gogora ekartzen duenez, herritarren eta kirol elkarteen adostasuna izan zuen prozesu parte-hartzaile baten ondoren, 2017an, Lasarte-Oriako Udalak aldizkari ofizialean iragarri zuen 1.270.000 euroko kostua izango zuela kirol pista berriak eraikitzeko. Lanak aurrera egin ahala, zenbakiak modu kezkagarrian aldatzen hasi zirela nabarmentze du Elkarrekin Podemosek eta gobernu-taldeak duela gutxi argitaratu duenez, kostua 7.200.000 eurokoa izan da guztira. Baina udal taldeak jakitera eman duenez, "oraindik ez dira proiektuaren azken kontuak aurkeztu eta harmailak eta ekipamendua falta dira, eta horrek agerian uzten du benetako kostua zortzi milioi eurotik gorakoa izan daitekeela".
Miguel Angel Tolosa Lasarte-Oriako Elkarrekin Podemoseko bozeramailea oso kritiko agertu da gobernu taldeak emandako informazio faltarekin: "Proiektuaren hasieratik, Lasarte-Oriako bizilagunek ez dute aurrekontuaren igoerei buruzko informazio zehatza eskuratu, ezta horiek justifikatzen dituzten arrazoiak ere. Onartezina da inaugurazioa arte itxaron izana konplexuaren benetako kostua hasieran iragarritakoa baino askoz handiagoa izan dela erakusteko".
Gainera, Elkarrekin Podemosek salatu duenez, inbertsio handia egin den arren, ez da instalazioen mantentze lanen kostuei buruzko kalkulurik aurkeztu, eta horrek ezusteko ekonomiko berriak ekar ditzake etorkizunerako. "Gainera, inbertsio handia izan arren, konplexuak espazio eta instalazioen aldi bereko erabilera arazoak ditu oraindik, eta horrek tokiko klub eta kirolariei eragiten die".
Herritarrek azalpenak izan eta etorkizunean opakutasun egoerak ez errepikatzea bermatzeko, udal taldeak proiektuaren azken kontuak lehenbailehen aurkezteko eskatu dio gobernu taldeari.