Hilaren 2an, Euskadiko Master txapelketa lehiatu zen eta horrekin batera, absolutu mailako 3.000 metroko lasterketa ere jokoan izan zen. Mari Carmen Olaso eta Aloña Mendi taldeko Jon Presa izan ziren lehian maila ezberdinetako iraupen luzeko proban eta lehenak podiumeko gorenera igotzea lortu zuen.
Master mailako lehian Mari Carmen Olaso izan zen azkarrena 3.000 metroak egiten. Herritarrak 13.07,11 marka egin zuen helmugan.
Absolutu mailako proban Jon Presa herritarra izan zen lehian. Herritarra bere marka onenetik gertu geratu zen helmugan 08.47,44 eginez.
Mendian lasterka
Pista utzi eta mendira joaz, egun berean, Negu Trail lasterketako edizio berria lehiatu zen Berastegin.
Parte hartzaileen artean, Lasarte-Oriako edo herriko taldeetako ordezkariak izan ziren.
Lasarte-Oria Trail Mendi elkarteko (LOTME) kide Xabier Aizpuruk 01.44,54 egin zuen eta Jorge Saldaño herritarrak 02.19,48.
Hurrengo lehiak
Hilabeteko bigarren asteburuan ere hitzordu ugari izango dituzte atleta eta lasterkariek.
Hilaren 8an, Adin txikiko zein master mailako jaurtiketa luzeetako Euskadiko txapelketa lehiatuko dute, Durangon.
Donostian, berriz, 18 eta 20 urtez azpiko Gipuzkoako txapelketan parte hartuko dute. Bi jardunaldik osatzen dute txapelketa, dira bata hilaren 8an arratsaldean eta bestea 9an, goizean. Proba libreetako jardunaldia ere izango da.
Hilaren 9an, gainera, 94. Uliako Gimnastika proba jokatuko da. Maila ezberdinetako –40 minutu baino gutxiagoko proba, herrikoia eta infantila– zein distantzia (10 km. eta 5 km.) ezberdinetako lasterketak antolatu dira.