ESKUALDEA

Buruntza mendiko ikurrina eraitsi dute

Txintxarri Aldizkaria 2025ko ots. 6a, 08:00

Buruntza mendiak Andoaingo lurretan duen tontorreko ikurrina eusten zuen masta eraitsi dute berriki, oinarria tresnaren bateki ebakita. Inork ez du ekintza horren egiletza aitortu, oraingoz behintzat. Atzo arratsaldean jada ez zegoen botatako azpiegitura, erretiratu egin baitzuten. Gure eskualdeko udalerri horretako EAJk gogor kritikatu du egindakoa eta udal gobernuari eskatuko dio beste ikurrina bat jartzeko han.

Lasarte-Oriatik, Urnietatik edo Andoaindik Buruntza mendira igo eta azken udalerri horretako lurretan dagoen tontorrera joaten direnek erreferentziarik ez dagoela ikusiko dute (postontziaz aparte), izan ere, 2022ko urrian abertzaile andoaindar talde batek jarri zuen ikurrina eraitsi egin dute berriki; inork ez du ekintza horren egiletza bere gain hartu, oraingoz behintzat. Hori bai, garbi dago apropos egindako zerbait izan dela, mastaren oinarria tentuz ebakita baitago, horretarako aproposa den tresnaren bat erabilita. Atzo arratsaldean dagoeneko ez zegoen azpiegitura hori bertan, ebakitako oinarria soilik.

Ikurrina horrek ordezkatu zuen hamarkada ugariz bertan egon zen gurutze frankista (tontorrean bertan jarraitzen du, sasiek janda), Ernai gazte erakundeak 2021eko abenduan bota zuena. Sinbolo hori 1936ko gerrako bando kolpista eta nazionaleko kideek altxa zuten, hiru urtetan bando horretan hil zirenen omenez. Aiurri hedabideak bideo argigarri bat argitaratu du Buruntza mendiaren historiari eta Andoaingo tontorrean izan diren ikurren bilakaerari buruz: