Ohitura zaharrak berritu dituzte eragileek ere

Txintxarri Aldizkaria 2025ko ots. 4a, 20:11

Ilundu da zerua baina kaleko giroa alai mantendu dute Erketz EDTko, Zabaleta Auzolan elkarteko, Xumela koruko, herriko txistularien taldeko zein Earra! bertso eskolako kideek. Bakoitzak bere ibilbide eta erritmoetara oles egin dute tabernetan, Brigitarren komentuan nahiz baserrietan.

Zabaleta Auzolan izan da arratsaldeko saioari ekiten aurrena eta arratsaldeko seiak pasatxo hasi da Zabaleta auzoko lurra esnatzen, egurrezko makilekin. Ordu horretan, atera aurreko entsegua burutzen ari ziren Erketz Euskal Dantza Taldeko lagunak, Sasoeta auzoan duten lokalean. Bertatik irten eta Santxo tabernara sartu aurretik, bertan zain zituzten argazkilariek ezer esan beharrik gabe kokatu dira eskaileretan, txukun-txukun. Talde argazkia aterata, orduan bai, tabernetako ibilbideari ekin diote, ohiko koplak abestuta eta bukatzerakoan bezeroen esker ona jasota, nagusiki, txaloen bidez.

 

Xumela koruko, herriko txistularien taldeko eta Earra! bertso eskolako kideek osatutako kuadrilla Sagardotegi kalean elkartu da eta ziztu bizian abiatu dira Brigitarren komentura, prestatuta zuten errepertorio guztia arratsaldeko zazpiak jo baino lehen eskaintzera. Ordu horretan otoitz saioa aurrera eramaten dute mojek eta bisitari izan direnak ez dute euren errutina aldatu nahi izan. Ordu erdi pasatxoan denbora eman die ez soilik egun honetako kantu ohikoenak abesteko (Santa Ageda, Oles, oles edota Neure kristauak badakizue), baita parean zituzten lekaimeei kopla batzuk abestu eta umore kutsuarekin erronkatxo bat botatzeko ere: "Baietz datorren urtean Sor Gabrielak bertsoa eta Sor Elisabetek irrintzi". Horren ostean, datorren urtera arte elkar agurtu dute eta behin bertan elkartuta, talde argazkia atera dute.

Komentutik irten eta erdigunean barrena kantuan eta makilak astintzen jarraitu du taldeak, ordubete inguruz. Ordurako hirigunea utzi eta Urnieta bidean barrena zebiltzan Erketzekoak, baserriz baserri. Ohitura zaharrak ederki asko berritzen amaitzeko, Buenabista sagardotegian afaldu dute.