Eguzki Bodegas Ayesa lehen postuarengatik borrokan ari da

Txintxarri Aldizkaria 2025ko ots. 4a, 13:30

Eguzki Areto Futbol taldeko kideek ligako jardunaldi berria jokatu zuten otsailari hasiera emateko. Eguzki Bodegas Ayesa gazteen taldeak Lauburu KE Ibarra B garaitu zuen

Hilaren lehen egunean, goizean, Maialen Chourraut kiroldegiko pistara hurbildu ziren herritarrek areto futbol neurketa polita ikusteko aukera izan zuten. Gazteen mailako Eguzki Bodegas Ayesa eta Lauburu KE  Ibarra B taldeak aurrez aurre izan ziren. Azken jardunaldietan neurketarik galdu gabe aurkeztu ziren bi taldeak hitzordura.

Francisco Javier Kixki Perez Eguzki Bodegas Ayesa taldeko entrenatzaileak Lauburu KE B Ibarra B "ongi landutako talde indartsua da" azaldu du. Intentsitate handia jartzen du jokoan, estrategia handia dute, baloi geldiko jokaldietan ongi moldatzen dira. Aurkariak lan ederra egin behar du aurre hartzeko eta beraz, guretzat bertsiorik onena emate aukera izan zen," gehitu du.

Lehen zatian bi taldeek arteko borroka handia izan zen. Ibarratarrak aurreratu ziren markagailuan falta bati esker. etxekoek ez zuten amore eman eta bost minutuetara berdinketako gola egin zuten. Bi taldeak saiatu arren, atsedenaldian banakoa zegoen markagailuan.

Bigarren zatian etxeko taldeak intentsitatea mantendu eta zati batzuetan handitu zuen. Sortutako gol aukerak ere ongi baliatu zituzten Eguzkiko gazteek eta hiru gol eginez, aldera ireki zuten.

Lauburu KE Ibarra Bk ez zuen esku hutsik itzuli nahi Ibarrara eta azken minutuetan atezain jokalaria atera zuen kantxara. Hori-beltzak defentsan sendo mantendu ziren eta aukariak ez zuen atean arriskurik sortzerik izan. Azken emaitza 4-1 izan zen.

Eguzkiko gazteen mailako prestatzailea pozarren dago bere kirolariek guztiek egindako lanarekin: "Lan ederra egin zuten eta nota onarekin, gainera".

Lehen postua

Garaipeneko postuei esker, bere multzoko lehen postuan da Eguzki Bodegas Ayesa taldea. Fase erregularra amaitzeko hiru jardunaldi falta dira eta postu horretan mantentzeko lan egingo dutela azaldu du taldeko arduradunak: "Taldeak irabazteko grina du eta dinamika horretan jarraitu nahi dugu. Orain helburua geratzen diren bederatzi puntuak eskuratzea da".

Lehen hitzordua Mondrate CD izango du herriko taldeak: "Ez da partida erraza izango, baina azken partidatan erakutsitako mailarekin aurrea egingo dugula uste dut". Gainerako bi neurketak Goierri KE eta Herrikide taldeen aurka izango ditu Eguzkik eta teorian garaitzeko "errazagoak" dira. 

Helburua betez gero, lehen fasea multzoko lehen postuan amaitzea espero du Kixkik. Horrela ez bada ere, fase honetako emaitzak eta jokoa aztertuta taldeak denboraldi hasierako xede bete duela onartu du. Dena delakoa ere, txapeldun fasea jokatuko du taldeak.

Etxean sendo

Etxean jokatutako hitzorduetan indartsu agertu ziren Eguzkiko gainerako ordezkariak.

Gazteen mailako partida baino lehen, Eguzki Bar Escalerilla taldeko infantilek nagusitasunez Lauburu KE Ibarra 2011 garaitu zuen, 6-0.

Egun horretan bertan arratsaldean, Eguzki Arkupe Rehabilitaciones taldeak Martutene KE izan zuen aurrez aurre eta ederki jokatuta 4-2 gailendu zen. 

Hilaren 2an, goizean, kadeteen txanda izan zen. Aloña Mendiren aurka neurtu zituen indarrak Eguzki Goxokiz Goxuak taldeak eta infantilen antzera, 6-0 irabazi zuten.

Tolosa eta Ibarra aldean bestelakoak izan ziren emaitzak. 

Ekin Oria taldearen aurka jokatu zuen Eguzki ISU Leihoak eta hori-beltzak ongi borrokatu arren, 2-1 gailendu zen talde tolosarra. 

Infantil mailan, Lauburu KE Ibarrako beste ordezkari bat izan zuen aurkari Eguzki Andatza tabernak, 2012 B taldea; ibarratarrek 6-4 irabazi zuten.

Emaitza horien ostean, kadete eta infantil mailako Eguzki Bar Escalerilla taldeak euren mailetako buru dira.