Garaikoetxeako ikasle eta irakasleek ekin diote lurra lozorrotik esnatzeari

Txintxarri Aldizkaria 2025ko ots. 4a, 12:23

Garaikoetxea-Landaberriko ikasle eta irakasleek plan bikaina egin dute goizean, Santa Ageda bezpera ospatzea. Eguraldi ezinhobea lagun erdigunean barrena geldialdiak egin dituzte makilak gogor astindu eta lurra iratzartzeko. 'Santa Ageda' abesti tradizionala eta Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoen 'Oles, oles' kantatu dituzte, eta, ondoren, izara zuriak zabaldu eta taldeen inguruan zebiltzan herritarrengana joan, txanponak biltzeko.

Arratsaldean herriko zenbait eragileren txanda izango da:

  • 18:00etan, Erketz Euskal Dantza Taldeko kideak elkartuko dira Sasoetan duten entsegu lokalean. Ordu erdiz entseatu eta herrian barrena ibilbidea egingo dute, tabernaz taberna. Ondoren, Urnieta bideko zenbait baserritan kantatuko dute eta Buenabista sagardotegian afalduko dute.
  • 18:00etan, Zabaleta Auzolan elkarteko kideak oles egiten hasiko dira auzo horretan bertan.
  • 18:15ean, Xumela koruko lagunak Sagardotegi kalean elkartuko dira eta Brigitarren komentura joango dira aurrena. Ondoren, beste ordubete inguruz alaituko dituzte kaleak.
Erlazionatuak

Kale Nagusitik Elizatze plazara joaten

Iñigo Gonzalez Sarobe ots 04 Kultura