'Zorion etxe hontako denoi, oles egitera gatoz...'

Txintxarri Aldizkaria 2025ko ots. 4a, 08:00

Aterik ate, ohitura zaharra berrituko dute gaurko egunean zehar herriko zenbait eragilek, makilak hartu eta herrian barrena Santa Ageda bezpera ospatuta. Erketz Euskal Dantza Taldeko kideak eta Zabaleta Auzolaneko lagunak 18:00etan hasiko dira, Sasoeta eta Zabaleta auzoetatik, hurrenez hurren. Ordu laurden geroago abiatuko dira Xumela koruko partaideak Sagardotegi kaletik.

Erketz EDTko kideek iragarri dute zenbait tabernatan abestuko dutela, baserri batzuetara joan eta Buenabista sagardotegian afaltzeko gero. Zabaleta Auzolanekoak, berriz, euren auzoan barrena ibiliko dira. 

Xumela koruko lagunak, esan bezala, Sagardotegi kaletik abiatuko dira eta Brigitarren komentuko mojengana joango dira segituan. Bertan kantatu eta gero ordubete inguruz jarraituko dute oles egiten.